Zirrikituetatik begira

Okupak

17.12.2019 | 14:43

Mugimendu okupa zer den hiztegian begiratzen badugu, definizioak honela dio gutxi gora-behera: mugimendu soziala dela, erabili gabe dauden lurrak edo hutsik dauden etxebizitzak bereganatzen dituena, denbora tarte baterako edo betirako, etxebizitza lez, babesleku gisa, lurrak lantzeko, bilerak egiteko edo helburu sozial, politiko edo kulturalak dituzten taldeen enkontru leku bezala erabiltzeko. Mugimendu honen helburu nagusia zera omen: etxebizitza duin bat izateko dauden zailtasunak salatzea eta etxebizitza eskubidearen inguruan hausnar araztea.

Ez da berria. Urteak daramatzagu herrietako etxe eta lokal zaharrak, batez ere, itxita gelditu ohi direnak, okupatuak izan direla ikusten. Gehientsuenetan, bilera- edo enkontru-leku gisa erabiltzeko, baina, kasuak kasu, baita ere, argia eta ura aldameneko etxe edo kaleetatik bideratu eta barruan familiak bizi-tzen jarri direla konturatzeko. Kasu askotan, gainera, okupatze honen atzetik ideologia edo pentsatzeko modu zehatz bat dagoela dakusagu. Kontsumoaren eta kapitalismoaren aurkakoa, alegia, okupen hitzetan jasota.

Egunotan bizitzen ari garen errealitateak, Santurtzikoa kasu, eta ez da Euskal Herrian bakarra izango, ez dira hutsik zeuden etxebizitzetan gertatu. Jabea kalera atera denean barrura sartzeko baliatuta eskuratutakoak baizik. Telebistaz jabe batek esaten zuen bezala, "hauek ez dira okupak, hauek lapurrak dira". Eta polizia, gainera, lapurrak babesten.

Sarri askotan bezala, legeak atzetik doaz. Gizarte premiei erantzutetik urrun. Eta nago, honakoan ere, herritarrok indarra egin beharko dugula auzotarren etxebizitzen eta duintasunaren alde.

Gutxitan babesten dut indarkeria. Baina ba-tzuetan, arerioak erabili dituen arma berak erabili beharrean dagoela sentitzen du batek. Zeren eta nire etxebizitzan sartzen denak ez al du, bada, indarkeria erabili? Gure aitonak ehizako eskopetarekin aterako zituzkeen, aisa asko, bere sukalde zokotik.