aEBtako Pennsylvania estatuko unibertsitateak Twitter bidez hedatutako mezu-moduaren eta biztanleen bihotz-osasunaren arteko lotura egin zuen duela lau urte. 1.347 konderritako bizilagunen 148 milioi txioren eduki linguistikoa aztertu zuten. Alde batetik mezu positiboak transmititzen dituzten hitzak eta lokuzioak bilatu zituzten: lagunak, bikain, adostu, maite zaitut, elkar gaitezen? Beste aldetik, eduki emozional negatiboak: gorroto zaitut, izorra hadi, hilko ahal haiz, putakumea? Era bateko eta besteko mezuak geografikoki kokatu zituzten. Mezu positiboak nagusitzen ziren guneak berdez nabarmendu zituzten mapan, eta eduki negatiboak gailentzen ziren inguruak gorriz. Emaitzak harrigarriak izan ziren: berdea nagusitzen zen guneetako biztanleen batez besteko bizi-esperantza gune gorrietakoena baino lau urte handiagoa zen. Johannes C. Eichstaed ikerlariaren taldearen lanak ondorioztatu zuenez, Twitter bidez mezu negatiboak hedatzen dituzten bizilagunek askoz arrisku handiagoa dute bihotzeko eritasunak izateko.
Azken egunotan Albert Boadella antzerkigile katalanaren txio bat iritsi da nire begietara: “Si en mi juventud todas las mujeres se hubieran parecido a Irene Montero no hubiera conocido hembra y hubiera ingresado en el club daliniano de El gran masturbador”. Mezu higuingarri hori sinetsi ezinik, haren Twitter kontuan sartu nintzen. Ez sinestekoa da. Tabarniako lehendakariaren kontuan ez dago mezu positibodun txio bakar bat ere. Bat egoteko bat falta. Ez dut inon aurkitu hainbesterainoko gorrototik. Pennsylvaniako ikerketa Katalunyan egin izan balute, su gorizko infernu bat jarriko zuketen Boadellaren buruaren gain-gainean. Pare bat asteko bizia geldituko zaio gehienez. Emozionalki hain desorekatuta dagoen pertsona bat ezin daiteke inongo buru izan, ez Tabarniakoa eta ez etxe azpiko tabernakoa.