2007. urtean zenbait idazlek uko egin zioten Euskadi Literatur sarietan parte hartzeari. Batzuek koheren-tziaz harturiko erabakia zela iritzi zioten, beste batzuek itxurakeria, bakarren batek aipatu zuen saria sekula irabaziko ez luketenak gehiegitxo ote ziren ere. Dena den, manifestu bat sinatzen denean iritzi bat adierazi besterik ez da egiten eta horretarako ez da ezeri buruzko mailarik egiaztatu beharrik, iritzia ematea beti da zilegi.
Aurreiritzi merkea izango da agian, baina azken urteetan saria irabazi dutenetan bat baino gehiago iruditu zaizkit manifestu haren sinatzaileen artean egoteko modukoak eta, zergatik ez esan, poztu nau saria naturaltasunez onartzen ikusteak. Gainera, noizbait eragozpenik izanda ere, iri-tzia aldatzea ere zilegi da.
Hautsak harrotu ditu Berri Txarrak taldea MTV-ren jaialdian izango dela jakiteak. Hau ere aurreiritzia izango da, menturaz, baina askori begitandu zaio taldearen filosofia, itxura eta irudiaz oso bestelako ekitaldia. Izan ere, sekula ez zitzaigun burutik pasa ere egin Lekunberriko taldeak musikaren munduan komertzialtasunaren ikur gorena den kate baten ekitaldi nagusian parte har zezakeenik. Jarraitzaileen artean asko dira, antza, dezepzio handia hartutakoak, arima saldu dutela diotenak. Jarrai-tzaileek ere badute iritzia emateko eskubidea, baina batzuetan besteen iri-tzien gainetik egoten jakin behar izaten da. Kontuak kontu, aurrerantzean elkarrizketa bakoitzean galdegingo diete MTV sarietan parte hartu izanaz eta horren ondorioez, gertaera horri loturik geratuko dira santa sekulako, Kalakan taldea Madonna-ri bezala.
Koherentziak bizi beharrarekin talka egiten du askotan. Edo merkatuaren legeekin. Edo norberaren ilusio eta amets ezkutuekin. Eta inori eskatzeko errazagoa da norberak izateko baino.