geu gaizki gaudenean beste norbait egoera bertsuan ikustean sentitzen duguna ez da enpatia, izua baizik, eta gehiagoren mina nekez gertatuko zaigu kontsolagarri, elkarri hats eman ezean. Umetan ikusitako marrazki bikoitz bat burmuinetan itsatsita geratu zitzaidan. Irudi batean penaltia jaurti behar zuen futbolaria ageri zen. Atea txiki-txikia zen, atezaina erraldoia; han ez zegoen zirrikiturik. Bigarren marrazkian atezainaren ikuspegia begiesten zen. Bera ia ez zen lurrean ageri; atea, aldiz, sekulakoa zen. Marrazkigileak adierazten ez duena norberak imajinatzen du: final garrantzitsu bateko azken jaurtiketa da, penaltiaren emaitzak erabakiko du irabazlea. Ezin da saihestu protagonisten larruan jartzea, jada hala baikaude, eta zangoek dar-dar egiten digute.

Loris Karius-ek, Liverpool taldeko atezain alemaniarrak, irudi hura gogorarazi zidan. Real Madrilen aurkako Champion Ligue-ko finalean ez zen penaltirik izan, baina Karius zen komikiko protagonista, hankak dardarka zituen atezaina. Edo ni neu nintzen, haren esku labainkorretan irudikatua.

Amets ederrez koloreztatutako loaldiek, lokamutsez trumoitutako gauek, esnatzean aurrean izango dugun errealitatearekiko ilusio eta ikarak islatzen dituzte. Patuak izkiriarazi digun gidoi malapartatuan, geuk jaurti behar izaten ditugu penaltiak zirrikiturik gabea dirudien aterantz; edo mundua bezain handia iruditzen zaigun atearen aurrean jarri, inoren jaurtiketak gelditzen saiatzeko. Hankek berriz ere dar-dar egiten digute, eta bizitzak eskuetatik ihes.