hippytik ere dezente zuen Potxuk. Erabateko bizizalea izaki. “Zahartzaro laburra izango diat, gaztaroa asko luzatzen ari nauk eta”, esan ohi zuen. Bai asmatu ere! Bazuen tarteka Orroagako hondartzara joan eta larru gorritan jartzeko ohitura. Egun batean, gau-pasa egin ondoren ziur aski, eguzkitan tripaz gora jarri eta lo hartu zuen. Olatu baten freskurarekin esnaturik, lokartu zenean baino askoz biluziago zegoela konturatu zen, ordurako itsasoak eramanak zizkion denak: arropa, dirua, giltzak, oinetakoak... Hondar-tza gaineko bidera igo, esku batekin zintzilikarioak ahal bezala estali eta bestearekin autoestopean hasi zen. Berehala gelditu zitzaion herritar bat, eta Azpeitiraino eraman. Herrira iristean bost ogerleko eskatu behar izan zizkion txoferrari, telefono dei bat egiteko. Irudikatzen dut Potxu, kabinan sartuta, amak munduratuta bezalaxe. Ondorengo egunetan erruz larrutu zuten santuz eta epailez beteriko gure herrian. Potxuk ez zuen deus ezkutatzekorik, ordea, koskabiloak izan ezik.

Haurrak ginela, egun batean sekulako mugimendua sumatu genuen gure etxepean zegoen banketxe batean. Gazte batzuk aurpegia estalita sartu ziren lapurretara, eta diru-zorro handi samarra eraman. Berehala zabaldu zen lapurren eta banketxeko langileetako baten arteko elkarrizketa.

- Dirue! Eman dirue!

- Etziok diruik.

- Bankuen eztaola diruik? Ostixek!

Ondorioa argia zen: lapurrak azkoitiarrak ziren. Egun berean, astegun buruzurian, gazte batzuk xanpainez mozkortu ziren Azkoitian. Kaleetan barna ibili ziren, botilak eskuan, ingurutik pasatzen zen edonori tragoak eskaintzen.

Egunotan jakin dugu ospe handiko gaizkile batzuei jarri dizkieten zigorren berri. Urdangarin, Rato eta enparauak itzalpera eramango dituztela dirudi. Baina ez berehala. Hauen kasuak ez du Azkoitiko mutil gazteenak besteko presarik. Izan ere, bizitza osoa daramate besteen bizkar xanpainez mozkortzen, eta ez dago haien diru-zorroa eramango duen olaturik. Gainera, gure herri txiki infernu handi hipokrita honetan lehenago larrutuko ditugu bertako bizizaleak edo lapur txikiak kontuak Suitzan dituztenak baino. Hain dotore joan zen Iñaki epaiketara!