ez dut oroitzen ingurua inoiz hain jota, hain minduta sentitu izanik, bortxazko heriotzaren bat salbu. Gertukoak gaitu astintzen, hurbilekoak hunki-tzen. Hunkipenekin bai, ukipenekin sekula lotuko ez genukeen gizon bat dugu albiste egunotan: Juan Kruz Mendizabal apaiza. Askok sentitzen genuen gertuko, halaxe jokatzen baitzuen. Natural, xehe, abegikor, atsegin, ireki, irribarretsu, prest. Askok sentitzen genuen geure, hotz eta zurrun atzematen dugun erakunde baten irri eta bihotz. “Elizak horrelako asko balitu...” pentsatzeraino.

Xabier Andonegi apaizaren txio batek pentsaketan jarri ninduen: “Animo, Kakux. On hutsa zara, hain ona, egin ez duzuna onartzeko gauza baitzara beste batek egin duzula uste badu. Zurekin gaude.” Mezu kriptikoa da, iluna, baina iradokitzen duenaren arabera, Juan Kruzek -orain ez zait ateratzen Kakux deitzea- leporatzen diotenik ez zuen egin. Ez dakit zer informazio edo susmo dagoen mezu horren atzean, baina salaketa salatzaileen irudipen bihurtu nahi duela begitantzen zait. Bi ez ezik, hiru ere badira, ordea, errealismo handiko ametsgaiztoan Juan Kruzen “ukitze desegokiak” jaso bide zituzten haurrak.

Elizaren epaiketa eta epaia erakundea bera bezalakoak izan dira: uherrak, lausoak. Justizia zibilean zer bide egingo duen ez dakigu. Balizko delituak preskribaturik daudeke baina, halakorik balitz, ez haien biktima izan direnen zauriak.

Sexu gehiegikerien auzian, ez dut gogoratzen halako oihartzunik izan duen kasurik. Bederatzi emakumek salatutako moda-argazkilari donostiar baten berri eman zuen atzo Efe agentziak, eta albistea beste zenbait hedabidek zabaldu. Kote Cabezudoz ari ziren. Izen-deiturak neuk jarri ditut, komunikabideek, apaizaren mila xehetasun zabaldu dituzten berberek, ezkutatu egin zituzten. Berdintasuna ere preskribatuta dago, antza.