Gertakariak metatu egiten dira ba-tzuetan, eta azken egun hauetakoak ez dira edonolakoak izan. Atzo Fidel Castroren heriotzaren berriarekin esnatu ginen. Patuaren graziarik gabeko txistea da kapitalismoaren aurkako borroka bizitzaren oinarri izan duen iraultzailea Black Friday egunez hiltzea. Miamiko kubatarrek ospatu egin dute. Fidelen jokamoldeekin oso kritiko izan arren, benetan miserablea iruditzen zait inoren heriotzaren karietara festa egitea.
Rita Barberá ere hil da. Akusatuen aulkian ikusi nahiko nukeen, baina bihotzak zapart egin dio. Senitartekoek ez zuten politikaririk nahi hiletan. Eskerrak! Espainiako presidentea bera joateaz gain, PPk Ritaren figura goraipatu egin du. Ez omen zuten baztertu, “hienetatik babestu” baizik. Hildakoen heriotza ospatzea bezain miserablea da haiei etekina atera nahi izatea.
Albiste izaten jarraitzen dute Altsasuko gertakariek. Guardia zibilen eta haien bikotekideen aurkako erasoaren ondoren -izan zenik ez dut zalantzan jartzen, zorigaitzez- Espainiako gobernua eta “justizia” -bereizi ezindako alorrak, hori ere zorigaitzez- hemen ezer aldatu ez balitz bezala jokatzen ari dira. Balirudike batzuek nahiago luketela lehenera itzultzea.
Egun berean hautatu zituzten Urkullu Eusko Jaurlaritzaren Lehendakari eta Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektore nagusi. Unibertsitaterako bozketetan sekulako istiluak izan ziren. Zenbait ikaslek (eta ikasle-ustekok), duela hogei urteko estetika eta azpiegiturarekin (janzkera, kaputxak, jaurtigaiak), ikuskizun penagarria eman zuten. Bada zer aldatu gure unibertsitatean, hango hautaketa-sisteman, baina han liskarrean aritu zirenek bestelako lehentasunak dituzte. Bai, balirudike ba-tzuek nahiago luketela lehenera itzultzea...