espainiako eta EAEko gobenuak osaketa bidean direlarik, bateko eta besteko ereduak ere ezbaian dira. Geureari dagokionez, Andoni Ortuzarrek esan du “Euskadiri nazio izaera aitortzen diotenei lehentasuna” emango dietela negoziaketetan. Denis Itxasori horri buruz galdetu zioten Euskadi Irratian, eta Gipuzkoako Kultura diputatuak erantzun zuen hori ez litzatekeela oztopo izango EAJ eta PSE-EEren arteko hitzarmenerako. Izan ere, euskal sozialistek beti aitortu izan omen dute Euskadiren nazio izaera...“kulturaren ikuspegitik”.
Kultura, izaera, nortasuna, identitatea...hitz handiak, errealitate meheak. Espainia bakar eta handiaren ideiari eusten diotenek betiko diskurtsoa dute ahotan. Espainia zenbait hizkun-tza, kultura eta sentimenduk osatutako errealitate ireki eta askotarikoa da, denak bere baitan hartzeko inolako eragozpenik ez duena. Alderantziz, harro gaude, alajinkua!, daukagun aberastasunaz.
Telecinco kate espainiarrean La Voz lehiaketaren ez dakit zenbatgarren edizioa abiatu dute berrikitan. Behin baino gehiagotan ikusi izan dut, eta fortunatu izan zait Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko kantariak entzutea, errotik euskaldunak diren batzuk ere bai. Musika estiloei dagokienez, pop musika -gaztelaniaz eta ingelesez- eta flamenkoa dira nagusi. Euskaraz, katalanez eta galegoz aritzen diren musikariek makina bat musika estilo lantzen dituzte, baina sekula ez dut Espainia hainbeste aberasten duten beste hizkuntza horietan kantatutako abesti bat bera entzun. Saioa beti ikusten dutenei galdeturik, gauza bera esan didate: egundo ez.
Telecincoren La Voz adibide soil bat besterik ez da, gauza berbera gertatzen da Espainiako telebista eta irrati pribatu zein publiko orotan, salbuespenik gabe. Ez dago Lertxundi, Lete, Laboa, Imanol, Iriondo, Zubiria, Hertzainak, Ken Zazpi, Berri Txarrak edo beste inoren arrastorik. Espainia hainbeste aberasten duten hizkuntzak eta sentsibilitateak ez dira existi-tzen, ez dira deus. Agian kultura eta entretenimendua politikarekin nahastea hanka-sartzea litzatekeela irudituko zaie.
Horixe da errealitate tristea, eta ez da aldatuko. Ez dugu kulturalki bizirik iraungo politikoki ahaldundu ezik.