Duela bi urte 1h 33’an egin nuen Behobia-Donostia lasterketa. Haserre eta etsita amaitu nuen, ordu eta erditik jaisteko asmoz lan asko eginda bainengoen. Aurten, ostera, bi orduan burutzen badut, pozik. Politikan ere antzeko zerbait gertatzen da. Lau urte lehenagoko emaitzak baino askoz kaxkarragoak bildu arren, aurreikuspenak are eskasagoak izan direnean halamoduzkoak ere garaipentzat ospatzen dira.

“Nondik ateratzen ditu hainbeste boto EAJk?” idatzi zuen lehengoan Facebooken EH Bilduren aldeko kanpaina egin duen euskal kazetari batek. Hari ber-tsutik tiraka, ondoko hau idatzi zuen Iñaki Petxarromanek Berria egunkarian, hauteskundeen biharamunean: ‘Emaitza onak izan ditu EAJk. Bere nagusitasunari eutsi dio, eta Urkulluk egin duen kanpainak etekinak eman dizkio. Bere botoei eusteaz gain, PSE-EEren ohiko boto-emaile batzuk erakartzea lortu du. (...) Balizko burujabetza prozesu batekin eta Kataluniako eredu independentistarekin Urkulluk azaldutako urruntasun eta hoztasunak erraztuko zizkion boto horietako asko. Edonola ere, Urkulluk ez du lortu, gutxigatik bada ere, Ibarretxek 2009an izan zuen boto langa gainditzerik. Horrek esan nahi du jeltzaleek emaitza onak lor ditzaketela bai diskurtso autonomista bat eginez eta bai zertzelada subiranistak nabarmenduta.”

Analisiari erantsi beharrekoa da Urkulluk, Ibarretxek ez bezala, Ahal Dugu fenomenoa izan du parean, eta lehengo igandeko hauteskundeetan abestentzioa askoz handiagoa izan zela. Zalantzarik gabe, jeltzaleen emaitzak ikusgarriak dira baina, nola interpretatu? Hain ziur esan ote liteke legebiltzarraren % 76 erabakitzeko eskubidearen aldeko dela eta % 61 independentista? Ez ote dira Urkulluren datu onak aldebakartasunari eta erradikaltasunari ihes egin eta alderdiak erakusten duen anbiguiotasunaren ondorio? Edozein gisaz, 29ren ordez 28 izateak askoz interesgarriago bihurtzen du egoera.

EH Bilduk 18. legebiltzarkidea hain handioski ospa-tzea bezain xelebrea iruditu zait EAJk askoz emaitza hobeak hain hotz hartzea. Harrokeriak ez dio inori onik egiten, baina laineza pixka bat erakutsi behar izaten da. Alderdi Egunerako utzi ote dute?