udako oporraldiak gainerako gaiak ahaztarazten dizkigunez, ia ez dugu aurre-kanpainarik izan EAEko hauteskundeetarako, eta halere etengabeko kanpainan sartuta gaudelako irudipena dugu. Zorionez, Espainiako politikariek erakusten duten inkonpetentzia eta zikoizkeriarik ez dugu sumatu hemengoengan. Kanpaina biguna izan dela esango nuke, zentzu onean. PP erraietaraino ustelduta dagoenez, ez dago inoren aurrean oso oldarkor agertzeko moduan. PSE-EE izan da konfrontaziorako erreparorik eta lotsarik gutxien erakutsi duena. Erretakoak biltzen saiatzea da ilusio izpirik pizteko gai ez denaren azken baliabidea. Horrela bakarrik uler daiteke euskarak erakundeetan duen lekuaz ateratako bideo lotsagarria.
Pili Zabalaren fitxaketak kezka handia eragin zuen EH Bildun. Zarautzen bolo-bolo ibili da euren alkategai izateko eskaintzari uko egin ziola, eta Podemosena onartzea, kezkagarri ez ezik, mingarri ere izango zen hainbatentzat. Kanpainak kezka asko arindu izango die. Izan ere -lan horietan zaildu gabe dagoelako izan liteke baina-, ahul eta baliabide gutxiko agertu da. EH Bilduren kanpaina, ostera, inoiz ikusi dugunik xuabeena izan da, mezuei zein haiek zabaltzeko erabilitako doinuari dagokienez.
Gaur gauean hasiko gara datozen lau urteetan zer atarramentu izango dugun jakiten. EAJrentzat, gobernagarritasunari begira, ona litzateke sozialistak inkestek diotena bezainbeste ez amiltzea, baina gaizki doake gobernagarritasuna baino goragoko helbururik jarri ezean. Estatus Berriari eta Foru Nazioari -noiz arte eufemismo horiekin?- draga jartzen saiatuko lirateke Mendia eta enparauak. EH Bilduk eta Podemosek, aldiz, ez dute inkestak hobetzea beste erremediorik benetan eragin ahal izateko. Ikustekoa izango da, aitzitik, zenbateraino diren bi alderdiok ontzi komunikatuak, zenbat jaitsi behar duen batek bestea igo dadin. Edozein kasutan, EAEn azken bi hauteskundeak irabazi dituen alderdiak laster jakingo du zein desberdinak diren gauzak hautatu behar dena aldatzen denean. Eta, batez ere, zein desberdina den herri hau beraiek ordezkatzen dutenarekin alderatuta.