Gure esku dago. Horixe pentsatzen jarraitzen dut oraindik ere, baina ez nator bat iragan asteburuko galdeketen emaitzen irakurketa trinfalistarekin. Hasteko, baldintzengatik. Eguraldi goxoa, argi ona, konfiantzazko argazkilaria...denok guapo-guapo atera gintezen egindako argazki saioa zen. Facebook-eko ezagun baten hitzetan esanda: “aitari eta amari galdetu diet zein den etxepeko politena, eta aho batez hautatu naute”.
GED pataforma irekia da. Erran nahi baita: erabakitzeko eskubidearen aldeko jende orori irekia. Baldintza bakar horrek ez luke, terorian, eremu abertzalera mugatu behar plataformari babesa eta bultzada eman nahi diotenen jendartea. Badira, gainera, eremu horrez kanpokoak. Salbuespenen bat badugula esateko lain doi-doi, baina bai. Edonola ere, horrek ez du helburuaren mailarik edo ekinbidearen zilegitasunik apaltzen.
% 30 gutxi da. Galdeketa ondo aukeratutako herrietan egin arren, 10etik 3k besterik ez du eman iritzia. Espainiako hauteskunde arrotzek baino jende gutxiago erakarri dute geure artean ere. Kezkagarriagoa da ezezko botoak hain gutxi izatea, horrek argi uzten baitu unionistek paso egin dutela. Afera hutsalegia iruditzen zaie hari aurka egiten indarrik xahutzeko.
Badakit nire gogoetaren emaitza ez dela oso baikorra. GEDren xede eta jokamoldeekin bat nator funtsean, aktiboki bultzaka ere aritu natzaio, baina horrek ezin nau uste eta susmoak isiltzera eraman. Ez, une honetan ez nago oso baikor. Askok eredutzat hartu izan duten Kataluniako prezesuaren noraezak ere ez du asko laguntzen, jakina. CUPen betoak Mas bazterrean geratzera behartu zuen. Orain, aurrekontuak onartzeko garaia heldu denean, Puigdemont larriki zaurituta utzi dute. Presidentea eta prozesua bera. Sistemari ez diote azkurarik ere egiten, prozesu independentistari kalte larria. Kataluniako españolistei inork ez die antisistema horiek bezainbesteko pozik eta lasaiturik eman aspaldion. Kupela taldearen kantaren bertsio berria durudi:
CUP dela
CUP dela
espainolen hotela...