aurten ez dugu negurik. Naturak lozorroan behar lukeenean, dagoeneko loretan dira sahatsak eta urritzak. Ganadua oraindik larrean. Arropa-dendak, aldiz, gorriak ikusten, eguraldi honekin ez baitago neguko txamarra lodiei begiratu ere egingo dienik. Etxerik ez dutenentzat, kale gorrian bizi direnentzat, ez dago giro eta garai onik baina, bere txarrean, aurtengo sasi-negua hobe. Trenbide ondoko amatxi xaharrak eskertuko du.
Urte batzuk badira emazteki xaharra Zarautza agertu zela. Ez dakit izenik baina, izanaren pareko bada, izena ere arraroa beharko du. Demagun Ilinca deritzala. Ilinca xelebrea da, bai. Orduak eta orduak igarotzen ditu trenbide ondoko ezkaratz baten koxkan eserita, eskean. Ondotik pasatzen zaion orori, eskupekorik eman zein ez, irribarre eta hitz goxoak eskain-tzen dizkio beti. Aurten ez du hotz handirik jasan, ez da asko busti, baina negurik latzenetan ere hortxe ikusi izan dugu. Zaletasunagatik egoten da, ez premiarik duelako. Pentsa, bi etxebizitza omen ditu Zumaian. Erositako prezioan saldu dut informazioa, baina jende serioak esan dit eta egia izango da. Zaletasun bitxia, gero, gure Ilincak!
Beti leku berean ikusi izan dugu. Aurten arte. Izan ere, ezkaratzeko bizilagunek loreontzi bat jarri dute hura esertzen zen lekuan, plastikozko loreontzi itsusi bat. Goizean jarri eta iluntzean kendu. Ilincak adina traba egiten du gutxienez baina, badakizue, eskalerik ez behintzat atarian. Oso itxura kaxkarra baita hori edozein etxeperentzat. Inork ikusita ere! Orain bebarrutik metro batzuetara esertzen da amona, berak eramandako aulkitxo batean. Euriak erasotzen dionean gaizki behar du, han ez baita estalperik, baina nahi ez zuten tokitik lekutu beharra izan du koitaduak.
Gogorrenak ere bigundu eta onberatzen gaituzten eguberri giroko egunotan ere espaloi gaineko aulkitxoan ikusi dut Ilinca. Haren irriño goxo eta zinezko onginahiaz, hitz berberekin opa nahi dizuet urte on: feliz año, bonitos.