17 urte besterik ez genuen. Hiru bertsolari gazteri, Xalbadorrekiko lilurak bultzaturik, Elizondotik Urepelerako bidea oinez egitea otu zitzaigun. Orduan Lekarozen ikasten bainuen, Baztango adiskide bati galdegin nion ibilbidearen berri. Baina lehenik Elizondora iritsi beharra geneukan. Autobusez egin genuen bidaia. Han gindoazela, gure bidaideetako bati Ramon Saizarbitoria idazlearen tankera eman genion. Baita galdetu ere. Harri eta zur geratu zen gizona. Nonbait, ez zuen espero hiru nerabek ezagutu behar zutenik. Solas gozoan joan ginen, eta bidaia emankorra izan zen guretzat. Xalbador ezagutzeko antolaturiko txangoan, euskal idazle bikain bat ezagutu genuen.

Idazle donostiarrak, egin berri dioten elkarrizketa batean, luzaroan ezer idatzi eta argitaratu gabe egon izanaren damua aitortu du. “Batzuetan pena ematen dit, eta hor badut mezu bat gazteentzat: zerbaitetarako zaletasuna duzunean, idazteko zehazki, ez egon denbora noiz izango zain. Edonork atera ditzake ordu eta erdi, bi ordu, idazteko. Denbora faltarena aitzakia dela uste dut. Baina jendea ohartuko da denbora izan dezanean ezin izango dituela askoz ordu gehiago aprobetxatu. Pentsatzen duzu erretiroa hartutakoan denbora asko izango duzula, baina ez da hala. Gainera, ezin duzu zortzi orduz jarraian idatzi. Pixka bat gehiago sinetsi ez izanaren damu naiz”.

Gutxiegi idaztea eta gehiago sinetsi ez izana dolu-tzen zaio Saizarbitoriari. Izan ere, trebezia literarioa edo handitasun artistikoa ez dira, pertsonaren luzera eta pisua bezala, zehatz neurtzeko moduko dohainak, eta norberaren begitazioen edo autoestimuaren baitan geratzen da epaia. Pena da, bai, ene begietara askoz apalagoak diren beste batzuek hainbeste idazten duten bitartean, benetan bikain dakusadan honek gehixeago sinetsi ez izana.

Geratzen zaion bizitza literarioaz ironizatu du Ramonek: “Bizi itxaropenaren kalkulu bat eginez, eta nik gauza bakoitza burutzen behar izaten dudan denborarekin...”. Halere, damua benetakoa bada eta idazteari egunean ordu eta erdi, bi ordu, eskaintzen badizkio, izango du sormenez antzu izan zituen urteei etekina ateratzeko beta.