jesús Cintora kanporatu du Mediaset konpainiak. Cuatro kateko Las mañanas de Cuatro saio arrakastatsua aurkezten aritu da, eta bere gidaritzapean audientzia datuak ia bikoiztu egin ditu. Horrelako kasuetan ez da ohikoa izaten komunikatzaile bat kanpora bidaltzea, kate pribatuetan bereziki, baina PPren gobernuak Paolo Vasile ahaltsuari egindako presioek utzi bide dute Cintora gerrikorik gabe. Aste batzuk lehenago, Loles León aktorea kanporatu zuen TVEk, solasaldi batean kate horretako langileen aldeko xingola laranja paparrean zuela agertzeagatik. Cintorak zein Leonek, biek izan dute lankideen babesa, askotarikoa gainera, baina bi eskurekin konta ahala dira jarrera horrekin norbere lanpostua arriskuan jar zezaketenen atxikimenduak.

EiTBn ere hautsak harrotu dituen enplegu erregulaziorako espediente bat daramate aurrera. Gordina, mingarria. Aurrekontuek murrizketa izugarriak jasan dituzte azken urteetan, eta denok dakigu 10 eurorekin eta 6rekin ezin dela produktu bera eskaini, ez jende kopuru berari jaten eman. Ez nuke erabaki horiek hartu dituztenen larruan egon nahi, ez horien ondorioz etxera joan behar izan dutenenean ere. Esperientzia eta balio handiko jende asko geratu da lanik gabe, beste batzuek aurki gizenduko dute zerrenda. Eta denok airean. Ez gure lanpostua edo gure familien sustengua soilik, proiektua bera baizik. Garai zailak dira, bistan denez, eta krisi garaietan da beharrezkoen lehentasunak ezartzea. EiTB ez da Canal Sur. Euskal Herria ez da Andaluzia. Euskara ez da gaztelania. Euskarazko irrati-telebista publikoaren auzia dago jokoan, gure hizkuntzaren etorkizunak funtsezko zutabe behar lukeen proiektu batena. Ez da EiTBren egungo zuzendaritzak egin beharreko hausnarketa soilik. Alderdi politikoek, eragileek, sortzaileek, kulturaren sare zabalak...euskalgintzak oro har adarretik lotu eta elkarlanean burutu beharreko gogoeta da. Eta arin.