Metro bat atera zuen Julianek, 100 zentimetroko zinta, eta 80 marka-tzen zituen marratxoa erakutsi zidan. “Honainokoa omen duk gizonon bizia”. Hitz teknikoak erabiltzearren, bizi-itxaropena aipatu nion. “Ez, esperantza askoz luzeagoa diagu denok. Errealitateaz ari nauk, eta datuek esaten ditek 80 urterekin hiltzen direla batez beste Euskal Herriko gizonak. Emakumearen bizia luzeagoa izaten duk. Ez luzeagoa bakarrik, alargundu ondoren hobea ere bai.” Julian bera da alarguna, eta azken boladan maiz aipatzen du bizitzaren hondar-tzea. “Ikusten al duk marratxoa? Bi zentimetro bakarrik geratzen zaizkidak. Bestela batez bestekoa ondu beharko nikek, eta ez diat uste nire bihotz zahar hau horretarako moduan dagoenik.”

Nati aipatu nion, adinkide duen alarguna. Hari zentimetro batzuk gehiago geratzen zaizkio emakumekoen batez bestekora iristeko, baina osasunez Julian baino ahulago dabil. Bizipoza du, ordea, saltzeko lain. “Bai, motel. Natirekin harrituta geratzen nauk. Sexologiako tailer batera joaten ari dela esan zidaan lehengoan, eta neu ere animatzeko. Sexologia? Zertarako sexologia gure adinean?”

Animoak ematen saiatzen nintzen bakoitzean arrazoi indartsuak ematen zizkidan bueltan Julianek. “Kotxeko gida-baimena kendu zidatean, ikusmena oso urritua omen nuela eta. Nortasun Agiria, berriz, galdu egin nian. Ba al dakik noiz iraungiko den azkena eman zidatena? 9999. urtean! Pagoetako tontorra ez diat gehiago zapalduko. Oinez, Getariarako bidea luzeegi gertatzen zaidak, Alle-punturainoko joan-etorriarekin badiat nahikoa lan. Zerbait egiten edo ikusten dudan bakoitzean, azken aldia izan daitekeela pentsaten diat. Ez duk erraza, gazte...”

Eta han joan zen Julian ilunabarrean, herrenka-herrenka etxerantz, agian azkena izango zuen osteratxoan. “Erretira, bakoitza bere barrutira”.