negar ez egiteagatik egiten dugu barre, egoera esperpentora iristen baita, absurdoa gaindituta. Euskal Autonomia Erkidegoan oso orderkaritza txikia du Espainian agintean den alderdiak. Handi-handirik inoiz ez du izan, baina bozketaz bozketa behera doa. Ez da, beraz, harrigarria, Raxoik gurera bidaliriko ordezkaria oso geure ez sentitzea. Zu eta ni bezain bertakoa da Carlos Urkixo, arabarra, euskalerritarra. Alta, ezin esango dugu Urkixote, leku guztietan erraldoi mehatxariak ikusten dituen legearen defendatzaile zintzoa, seme kuttun izendatzeko tentazio handirik dugunik.
Legeak betetzeko dira. Eta kitto. Zehatzago esanda: espainiaren batasuna, bertako ikurrekiko begirunea eta gaztelaniaren erabilera bermatzen dituzten legeak dira bete beharrekoak. Bestela, hor etorriko zaigu Urkixote, estatu aparatuen babes osoarekin, denak betearaztera. Berak gustuko ez dituen ikurrekiko begirunea, ezagutzen ez duen hizkuntzarekikoa, utikan! Lege horiek bete beharrik ez dago. Nori axola zaizkio ba, hemengo lau indigena ameslariri izan ezik!
Herriz herri imajinatzen dut Carlos. Amoroton, Atxondon, Diman, Oiartzunen, Asteasun, Leintz Gatzagan, Aramaion... Ez euskalkirik politena zein den erabaki nahirik herritarrekin solasean, ez. Espainiako gobernuak EAEn duen ordezkariak ez du bertako hizkuntza ofizialetako bat ezagutzen. Garrantzirik gabeko ñabardura hori ere. Udaletxeko balkoian piperpotoa eskegi dutela egiaztatzen irudikatzen dut. “En Régil sí han colocado la bandera española. Veamos si en Videgoyen también cumplen con la ley...” Horixe izango da Urkixoteren ibilbide eta zeregin multiorgasmikoa.
Orain pare bat aste izan naiz nire espainiartasuna egiaztatzen duen nortasun agiria berritzen. Donostiako udaletxean hantxe dago piperpotoa, baina Urumea bazterrean, Espainiako Polizia Nazionalaren egoitza berrian, ez da gure ikurrinik ageri. Zarautzen, gure haurren eskolaren ondo-ondoan dago Goardia Zibilaren koartela. Han ere ez dago ikurrinik, baina lege hori betearaztea ez da Urkixoteren zeregina, agidanez. Aski lan badu garrantzizko zereginetan.