maria triste sumatzen dut, ez da lehengoa. Enekarekin konexio berezia zuen. Orain urte batzuk egin zuten topo, giza lagun-tza elkarte batean. Jende gehiago ere bazegoen, denak borondate eta balio handikoak, baina ba-tzuekin besteekin baino elkar-ulertze hobea izaten dugu, eta Mariak eta Enekak hasieratik ikusi zuten bazegoela kimika bereziren bat bien artean, besteetatik aparteko zerbait. Fede handiko pertsona zen Eneka, etengabe egiten zituen Jaungoikoari buruzko aipamenak. Egun batean, Mariari grazia aparta egin zion esaldi bat bota zuen, braust: “Oso juxtu ikusi izango nau Jainkoak, halako aingeru bat bidal ziezadan”. Ahoa bete hortz geratu zen Maria. Elkarri begira egin zituzten hiru-lau segundo, eta biak barrez lehertu ziren.

Duela hiru bat urte trenputxartzen hasi zen Eneka, ahultzen, eta medikuek berri txar bat eman zioten: leuzemia zuen. Etsi onez hartu zuen albistea, eroapenez, baina beldurrez. Leuzemia motarik bortitzenetako bat zuela esan zioten, eta hezur-muin trasplante bat beharko zuela. Aurrez kimioterapia saioak jasan behar izan zituen. Defentsak ezerezean geratu zitzaizkionez, burbuila baten barruan igaro behar izan zuen bolada luze bat. Bisitan joaten zi-tzaizkionak, senarra, alaba, gurasoak, lagunak... ikusi egiten zituen, haiekin hitz egiteko modua izaten zuen, baina ferekak, besarkadak, musuak, kontaktu fisikorik arinenak ere debekatu egin zizkioten. Transplanteak ez zuen espero zen emaitzarik izan. Bigarren transplante baterako prestatzeko, berriz ere bakarturik eduki zuten luzaroan, isolaturik. “Ez dakizu, Maria, zein gogorra den zuei musurik eman ezina, besarkadarik eman gabe geratu beharra” esaten zuen. Bigarren transplanteak ere ez zuen gaitza menderatzeko balio izan. Duela bi aste Enekak Maria deitu zuen, zerbait esan behar ziola eta. “Maria, Jainkoak berekin nahi nau, antza. Hiltzen ari naiz, egun gutxi barru itzaliko naiz”. Orduan eman zioten elkarri ospitalean ematerik izan ez zuten besarkada. Orduan esan zion Mariak bien arteko azken irria eragin zuen esaldia: “Ni nintzela Jainkoak zugana bidalitako aingerua baina, zer egin behar dut nik neurerik gabe?”.

Bakean itzali zen Eneka. Mariak, ordea, adiskide zendu berriaren fede-euskarririk izan ez arren, ez du zalantzarik. Bakean piztu da Eneka.