Javier Marotok etorkinen jardunbide ustez ustel eta aprobetxategiez egindako salaketek Gasteizko xenofoboei gordelekutik irteteko kuraia eman die. Alkate jaunak horrelakoak esaten baditu, haren ideia bertsuak dituztenek badute lotsa galtzen hasteko garaia. Marotoren jarrerak laineza emanik, aste honetan bizikidetzarako eredu ederra eman dute hiriburuko arrazistek. Gorrotoa darien eranskailuak itsasi dituzte Lanbideren bulegoan, Noticias de Alava egunkarian eta afroamerikarren Afro elkartean. “No falta trabajo, sobran inmigrantes” zioen eranskailuetako batek, “Stop hipocresía, españoles primero” bigarrenak, “Ayudas sociales para los nacionales” azkenak. Gaztelania batuan, noski. Muxima izeneko neska gazte batek patxada eta zentzuz beteriko erantzuna eman zien arrazista anonimoei. Euskara ederrean. Ez dakit zuretzat, irakurle, salatzaile “nazional” horiek ala Muxima, zein ote den bertakoago. Niretzat denak, zaborra ere sortzen duen herriarena da. Baina Muxima gure artera etorri izanak gure herria aberastu egin du, salatzaile anonimoek kalte besterik ez diote egiten.
Gazteak ausarta izan behar omen du, proboka-tzailea, apurtzailea. Politikoki zuzena den ala ez pentsatu gabe, sentitzen den huraxe esan eta egin. Euskadiko gazte sozialistek euskararen balioaz eta derrigortasunaz sentitzen dutena adierazi dute. Zirt-zart, ahobizarrik gabe. Ez dirudi atzean gogoeta sakonik dagoenik -edo ni ez haiz hain sakon murgiltzeko gai-, baina ausardia aitortu behar zaie. #euskeraAskatasunez traolaren pean, euskaldun izateak dakar-tzan malur eta makurrak azpimarratu dituzte. Brasildarrek nahi beste larru jotzen dute, euskaldunek ez. Euskarak du errua. Euskara Askatasunez aldarrikatzen dute. Funtsean, ez ikasteko askatasuna eskatzen dute, lanpostu publikoetarako gutxieneko mailarik egiaztatu beharrik ez izateko libertatea. Sakon-sakonean, UPNko Silvestre Zubitur leitzar ilustrearen ikuspuntutik hurbil daude: euskara ongi dago, baina sukaldean, sukaldean...