“munduan milaka hizkuntza hitz egiten dira, urtero asko galdu arren, baina bi dira gizakien hizkuntza nagusiak. Ez naiz ama hizkuntzaz eta eskolan ikasten denaz ari, ez, beste zerbait adierazi nahi dizut. NIaren eta ZUaren hizkuntzak dira jaiotzen garenetik azken arnasa ematen dugunera arte erabiltzen ditugunak. NIak berekoikeria, bekaitza, boterea, handinahia adierazten ditu. ZUak, aldiz, maitasuna, eskuzabaltasuna, ontasuna, borondatea. Gizateriaren historiako gerra eta genozidio guztiek eta norbanako bakoitzaren baitako infernuek NIarekin dute zerikusia. Aitzitik, askatasuna, bakea eta harmonia nagusitu izan direnean, ZUaren mintzaira erabili izan du gizakiak. Ematen dugunean hazi egiten gara. Zenbat eta handiagoak izan, orduan eta gehiago eman dezakegu.
Gizakia maitatzeko jaioa da. Bihotzak NIaren hizkuntza besterik ez daki, maitatzeko sortuak gara. Adibide bat jarriko dizut. Garbigailu batean arropa eta detergentea sartzen badituzu, pozik egingo du bere lana, horretarakoxe egina da. Baina hormigoi-makina bat balitz bezala, porlana, hartxintxarra eta ura sartzen badizkiozu, berehala hasiko da kexatzen. Lehenik zarata handia aterako du, gero kea, eta denbora asko baino lehen, lan egiteari utziko dio. Bihotza horrelakoa da. Amodioa, ulermena, xamurtasuna behar du behar bezala ibil dadin. Horren ordez gorrotoa, ezinikusia edo zeurekoikeria sartzen badizkiozu, berehala hondatuko da.”
Aspaldian ikusi gabeko lagun batek esan zizkidan kontu hauek guztiak, goizean goiz. Hausnarketa sakonerako batere egokierarik eskaintzen ez duen leku batean, gainera, Nortasun Agiri espainiarra berritzeko bulegoetan. Tripiren bat hartuta egongo zela pentsatuko duzu agian, edo errealitatearekin konexioa galdutako mistikoren bat izango dela. Ondorio horretara iritsi bazara, oker zaude. Gure aspaldiko lagun estimatu horrek egunero jartzen du praktikan NIaren hizkuntza. Goiz hartan bertan ere ez zen bere agiria berritzera joan, txofertzarako gaitasuna galdua duen lagun bat eramatera baizik. Gozamen hutsa izan zen haren hitzak entzutea, eta ZUrekin partekatu nahi izan ditut, zerbait itsasiko zaigulakoan.