Munduko pilota txapelketak, afizionatu mailakoak izan arren, sona handiko ospakizunak izan ziren hasieran. 1952. urtean jokatu zen lehenengoa, Donostian. Ondorengoak, hiru urteko tartearekin, Montevideon eta Biarritzen izan ziren. Laugarren ediziotik aurrera lau urtez behin jokatzea erabaki zuten. Iruñea, Montevideo, Donostia, Montevideo, Biarritz, Mexiko, Gasteiz, Habana, Donibane Lohizune, Mexiko, Iruñea, Mexiko, Paue eta aurten berriz Mexiko. Lehen edizioetan modalitate kopurua aldatuz joan zen, eta 1952an eta 1958an plaza libreko lehia ere izan zen. 1966tik aurrera 12 modalitate utzi zituzten, 1990ean nesken bi gehitu eta gaur egungo 14 joko-molde edo mailetara iritsi arte. Zenbait herrialdetan guztiz txertaturiko kirola da pilota, eta munduko txapelketak jokatzeko ere ez dute azpiegitura lan berezirik egin beharrik izan. Beste batzuetan, aldiz, ia hutsetik abiatu behar izan dute. Habanan, esate baterako, “Palacio de los gritos” izenez ezagutzen den pilotaleku erraldoia hantxe zegoen lehendik ere. Artekariek egiten zituzten oihuengatik bataiatu zuten horrela. Fidel Castroren debekuak itxiarazi zuen pilotalekua. 1990. urteko munduko txapelketarako berritu zuten. Gainerako pilotaleku guztiak, beirazko trinkete dotorea barne, espresuki eraiki behar izan zituzten.
Iritsi da 2014a, Nazioarteko Pilota Federazioak berriz ere Mexikoren esku utzi du Munduko Txapelketaren antolakuntza. Biek egin dute huts. Eta putz. Mexikoko arduradunek ez dituzte lanak garaiz amaitu, baina Nazioarteko Federazioak haiek besteko ardura du. Inaugurazio ekitaldia egin zuten, baina pilotalekua bukatu gabe zegoen artean. Lehengo frontoi zaharretan jokatu behar izan zituzten lehen norgehiagokak. 18 herrialdetako 347 pilotari bildu dira, tekniko eta bestelakoez gain. Luzaroan aritu dira mundiala prestatzen, lan asko egin dute aurretik. Txapelketan parte hartzeko lanean baimen bereziak eskatu behar izan dituzte askok eta askok, eta dirua galdu. Haraino joan eta pilotalekuak amaitu gabe. Oraindik ez du inork dimititu. Bitartean, pilota hil zorian. l