Norberaren sokakoak ez diren lorpenak gutxiesteko joera dugu. Gaurko gizakatea ere halaxe mendratu nahi izan dute Euskal Herriko eta gure mugez kanpoko hainbat iritzi-emaile eta komunikabidek. EFE berri-agentziak idatzi eta hainbat hedabidek -Euskal Herrikoren bat tartean- zabaldutako mezuan "la cadena humana organizada por la izquierda abertzale" irakurri genuen. Disimulu gutxiagorekin egindako juzkuak ere badira: cadena batasuna, marcha independentista, marcha de los proetarras, cadena separatista, erromeria... Funtsean, egungo egitura politiko eta administratiboan oso eroso sentitzen direnen geziak dira: legedi bat badago, haren baitan euskal herritarrak espainiar edo frantsesak gara, eta kitto. Ez dago hortik aurrerako arrazoibiderik. Edozein aldaketa, baita galdeketa soil bat ere, legedi horren mugen pean egin behar da, eta legedia aldatzea bi estatu handien esku dagoenez, hor konpon!
Formulazio tranpati horren aurkako aldarria da gaurko gizakatea. Gure Esku Dago dinamikak ez du formula magikorik eskain-tzen, badaki alderdi eta erakundeen bitartez bideratu beharko direla erabakitzeko eskubiderantz eman beharreko urratsak oro, baina euskal jendartea atzarri eta dinamizatuko zuen ekinaldi baten premia gorrian geunden, eta eginkizun hori ezin hobeto bete duela iruditzen zait. Kolore anitz, alderdietatik bereiz, ateak zabalik. Milaka eta milaka herritar bilduko gaitu gaurko gizakateak. Durangotik Iruñerako 123 kilometroetan eta munduan zehar sakabanaturiko euskaldunek antolaturiko saioetan: Londres, New York, Boise, San Frantzisko, Txileko Santiago, Mexiko... Egun historikoa da, bertatik bertara bizi eta gogo-bihotzetan iltzaturik atxikitzekoa.