Gizakia xelebrea da berez, konplexua, kontraesanez josia. Burdindegietakoak izan dira betidanik gehien erakarri nauten erakusleihoak, arropa-denda edo gozotegietakoak baino gehiago. Bihurkin, zerra, mailu, giltza zabalgarri, giltza finko...ikaragarri gustatzen! Alta, esku-lanetan eskasenak ere aldea kentzen dit. Edozein gisaz, neure burua sekula ez dut irudikatu horrelako saltoki batean lanean. Aldiz, beti izan dut denda, taberna edo jatetxeetako zerbitzarien inbidia pixka bat. Ordutegi gogorrak izaten dituzte, halamoduzko soldatak askok, baina jendea zerbitzatzen aritzen dira, bezeroekin tratu ezin zuzenagoan. Munduan barna zenbat eta gehiago ibili, hainbat eta handiagoa dut zerbitzariekiko bekaitza. Azalduko dizuet zergatik.

Gure mugetatik kanpoko hainbat herrialdetan, AEBetan esate baterako, bezeroei eskaintzen zaien tratua askoz ere hurbil eta abegitsuagoa da, nire irudiko. Edozein okindegi, ostatu edo dendatan sartu orduko, “Egun on! Zer moduz zaude?”. Alde egiterakoan, ostera, “egun ona izan dezazula!”. Ez naute ezagutzen, ez naiz bezero izaten jarrai dezadan ongi zaindu beharreko horietakoa baina, hala eta guztiz, nire aldarteaz interesatzen dira, eta egun ona opa izaten. Gurean ere badira irribarre goxoak eta tratu aparta eskaintzen duten otseinak, baina jendaurrean lanean ari behar ez luketen segapoto eta zokormazo lehorrak ere asko, gehiegi. Tabernariek ere ez dute beti aldarte bera izaten. Badakit, ongi jakin ere, ez dela erraza irriño ezti bat eskaintzea buruan arazoak edo bihotzean minen bat dagoenean, baina zerbitzari adeitsua izango nintzatekeela sinetsita nago. Horregatik begiratzen diet bekaitzez, txarkeriarik gabeko inbidiaz, taberna, jatetxe eta dendetako zerbitzariei. Egun ona izan dezazula, irakurle! l