Ez da asteroko kontua izaten, baina atzo Paperekin hitz egin genuen telefonoz, gure senegaldar txikiarekin. Beti bezain alai, gozo eta maitagarri sumatu genuen. Ahoa ongi irekitzen du, egunero egiten omen ditu medikuak agindutako ariketak, eskolan zintzo dihardu eta familian denak ondo. Harekin mintzatzen garen bakoitzean, pentsakor eta malenkoniatsu geratzen gara puska baterako. Izan ere, denbora askoan egon zen gurean, bizipen zirraragarri asko bizi izan genituen elkarrekin. Atzo eta gaur, oroitzepenen albumetik ateratako hainbat pasarte berritzen aritu gara.

Papek Mortala eta Maia ditu gurasoak, baina Mortalak bi emazte ditu. Bekatu mortala irudituko zaizue batzuei, baina Senegalen, beste hainbat herrialde musulmanetan bezala, poligamiak indarrean segitzen du. Aita, bi emazteak eta hauek izandako hamabi seme-alabak etxe berean bizi dira, inolako arazorik gabe. Horren harira, bazkaltzen ari ginen batean Paperekin erdi txantxetan izadako elkarrizketa bat gogoratu zitzaigun.

-Pape, zenbat emazte izango dituk hik handitan?

-Hori ezin da jakin -erantzun zidan, gaiarekin oso eroso ez balego bezala.

-Baina normalean?

-Normalean bi.

-Hiru ez?

-Ez, hiru izateko diru asko behar da.

-Bat, bi zein hiru izan, agian Zarautzen ezagututako neskatxaren batekin ezkonduko haiz... -bota nion zapla.

Bost bat segundoko isilunea egin zuen Papek, esan niona hausnartzeko-edo.

-Neska zuri batekin ezkondu? Hori ezin da, e! Lugan ez dago zuririk. Beno, batzuk ikusten ditugu, goxokiak ematen dizkigute, baina ez dira bertan bizi. Zuri batekin ezin naiz ezkondu, e!

Argi utzi zuen horrelakorik ez zela sartzen gure beltxaren buruan. Baina, behin behar-eta, zizirako nengoen, eta beste aukera bat aipatu nion.

-Hi, Pape; hementxe daukak Garazi, neska polit eta jator askoa, hik hainbeste maite duana. Berekin ezkonduko bahintz?

Orduan ez zuen isilunerik egin, berehala eraso zidan, kopeta beltz-beltza jarrita.

-Garazirekin ezkondu? Txoratuta al zaude? Nire arreba da-eta!!!

Pentsa zenbateraino errotu zen gurean Pape. Hura mutikoa!