Fatwa dekretu islamikoak dira, mufti izeneko autoritate erlijioso batek emaniko arauak, legetzat hartzen direnak, batzuetan goi agintarien onarpenik izan ez arren herritarren jokabideetan eragin nabaria dutenak. Aginte islamiko zentralizaturik ez dagoenez, ez dago argi islamak horretarako ahala nori damaion, eta batzuetan fatwa kontrajarriak ematen dira herrialdearen arabera, baita herrialde berean ere. Horregatik sumatzen ditugu hainbat iritzi eta jarrera kontraesankor koranari buruz, horregatik ezartzen dira mundu islamiar zabalean liburu sakratuan agertzen ez diren hainbat debeku. Koranaren on-gaintzetan sartu gabe, haren ezarpen-moduek eragiten dituzte endekapen larriok, degenazio higuingarriok.

Egiptoko Al-Azharreko unibertsitatearen txosten batek anaia musulmanek eta salafista egiptoarrek emaniko 51 fatwaren berri eman du. Txostenean irakur daitekeenez, bi talde horien-tzat emakumeak izaki arraroak dira, sexu harremanetarako sortuak soilik, eta etxetik kanpora ofentsa hutsa da haien presentzia; itsasoan bainatzen den emakumea adulterioa egiten ari da, hijaba soinean badarama ere; fatwa batzuek zenbait elikagai jan eta ukitzea galarazi egiten diete emaztekiei, zakil formakoak batez ere; beste fa-twa batek dioenez, onartezina da emazteak etxean aire girotua piztea senarra bertan ez badago; dekretu islamiko horietako batek bortxazko protesta eta manifestaldietan haur eta emakumeak giza-ezkutu gisa erabiltzeko baimena ematen du. Degeneraziorik gehienek emakumea deuseztatzen dute, Egipton eta beste zenbait herrialdetan. Ikastea, autoa gidatzea, bizikletan ibiltzea edo jendartean algara egitea debekatzen diete, eta legeoi men egiten ez dietenei zigor publiko beldurgarriak ezartzen.

Aste honetan bertan, Saudi Arabiako elizgizon batek buffet libreak debekatu ditu, sharia legearen aurka omen doazela-eta. Ez dakit ez ote digun hau guztia ulertzeko gakoa berak eman. Libre hitzean dagoela uste dut, libertatea muga-tzea dela oinarrian dagoen asmo bakarra. Baina beti batzuena, beti berberena. l