azkoitian sortu zen Diego Gartzia. Kanpotik etorriak zituen gurasoak, baina azkoitiar petoa zen bera. Gerora, Azpeitian denda bat ireki zuen, eta bertan etxea erosi. Zaletasun asko zituen, denak onak: lagunzalea, parrandazalea, euskalzalea, bertsozalea... Bertsotan saiatu ere egiten zen ordu txikietan. Ez dut txarragorik ezagutu. Mutil alaia eta maitagarria, gozoa eta atsegina. Proba laburragoetan hainbeste nabarmendu gabe ibili ondoren, maratoian saiatu zen. Bai bikain asko moldatu ere! Mutil gogorra zen, zaildua, sufritzen zekiena, eta maratoian ikaragarri balio du horrek. 30 bat maratoitan hartu zuen parte, eta bakarra irabazi, Sevillakoa. Baina beste hainbat maratoi entzutetsutan meritu handiko postuak lortu zituen. Bigarren izan zen Helsinkin (Europako Txapelketan, Martin Fiz gasteiztarraren atzetik), Donostian, Bartzelonan eta Seulen. Gotenburgoko munduko txapelketan seigarren amaitu zuen, eta Bartzelonako joko olinpikoetan bederatzigarren, domina olinpikoaren ateetan. 2 h09’50”koa izan zuen markarik onena. Gaur egun lortzen dituztenekin alderaturik, marka apal samarra dirudi, baina gaitzeko lanak egin zituen Gartziak. 2000. urteko Behobia-Donostian lortutako bigarren postuarekin amaiera bikaina eman zion ibilbide profesionalari. Hurrengo urteko Azkoitia-Azpeitia probarako prestatzen ari zela, martxoaren 21ean bihotzekoak eman zion, milaka aldiz arnaska pasatutako txoko batean, Loiolako zubi zaharraren ondoan. Hil zen lekuan bertan dago Sebas Larrañaga artista azkoitiarrak eginiko irudia, brontzean. Diego ehunka aldiz lasterka ikusi genuenoi hotzikara eragiten digu handik pasatzen garen bakoitzean. Hain dago ongi egina!Urte hartako probak Diego omendu nahi zuen. Orduan ezin izan zen, baina Xeye Atletismo Taldeak urtero-urtero azkoitiarra omentzen jarraitzen du, haren izena daraman ibilbidean goi mailako proba antolatuz. Bejondeizuela! Atzo ere ehunka korrikalarik zirrara berezi bat sentitu zuten Diegoren estatuaren ondotik iragatean, eta bakarren batek harekin duen zorragatik eutsi zion ezinari amore eman eta erretiratu gabe. Diego beti gogoan. l
- Multimedia
- Servicios
- Participación