Azpeitiko Hartzubian bizi ginen. Gure sukaldean hotz egiten zuen. Halere, giro goxoa izaten genuen. Anaia Mikel sehaskako haurra, eta ni jakin-minez beteriko ume berritxua. Amak irratia piztuta izaten zuen, Loiolako Herri Irratia ia beti. Haren bidez heltzen zitzaiguna izan zen nik entzun nuen lehen "euskara batua". Artean ez zen euskara batu ofizialik, Euskaltzaindiak lehen urratsak doi-doi emanak zituen, baina gure ama Lurdesek bazuen ordurako euskal hiztun guztioi elkar ulertzeko balioko zigun euskara estandar baten premiaren kontzientzia. Hala, ekonomikaren epeletara hurbildurik, antzerkia eta euskara klaseak uztartzen genituen: "Xabier, demagun ni ez naizela ama, Tolosako izeba baizik. Saia gaitezen biok bertako euskaran hitz egiten". Euskara batu ofizialik ezean, irratiz sartzen zitzaigun hura zen gure amarentzat erreferentzia, eta Tolosako euskararekin identifikatzen zuen. Han aritzen ginen ama-semeak, geure muga guztiekin, ahalik eta garbien, ahalik eta batuen hitz egiten. Izebatzakoak egiten zituen ama argi eta goxoari zor diot euskararen gaian izan dezakedan sentiberatasun eta oinarri oro. Besteak beste.

Tolosako euskara, hura zuen eredu Euzkitzeneko Lurdesek. Hitzak guk baino osoago esaten zituztelakoan, elkar ulertzeko geurea baino egokiagoa zelakoan, hartara hurbiltzen saiatzen ginen. Ez zebilen erabat oker. Gerora, bertso saioei, pilota emankizunei eta neure jakin-minari esker, euskararen ikuspegi zabalagoa lortu dut. Orain badakit Tolosako euskara ederra dela eder darabilenaren ahotan, baina ez, agian, beste edonongoa baino eredugarriago. Beste muturrean, Eibarkoa jarri izan digute euskara trakets eta txiroaren adibidetzat. Hori diotenek ez dute nik ezagutu izan ditudan batzuekin topo egiteko zoririk izan, antza, gozatu ederrak hartutakoa naiz hainbat eibartarrekin izaniko hitz-aspertuetan.

"Euskararik txarrena, egiten ez dena" entzun izan dugu, eta bat nator. Eta ederrena? Amets Artzallus Zumaian izan berri da, hitzaldi bat ematen. Bertan esan bide zuen hainbeste gustatu zaidan esaldia: "euskararik ederrena, euskaldun berriena". Ez dago, maiz hanka sartuz eta totelka bada ere, euskaldun berriek damaigutena baino eredu hoberik.