Urtebete pasatu nuen Lekarozko internatuan. Ordura arte Loiolako ikastola besterik ezagutu ez zuen mutiko harentzat, nerabe eta herabe, talka ikaragarria izan zen. Fraide zahar haietakoren bat ikasgelan sartu orduko, denak zutik. Ave María Purísima. Sin pecado concebida. Padre nuestro que estás en los cielos... Nik gaztelaniaz otoitzik jakin ez, eta ezpainak mugitzen nituen. Fraideei padre, sekularrei señor. Hotz eta arrotz. Tartean, salbuespen eder bi: Frantzisko Ondarra eta Valeriano Lezeta, euskaltzaina bata, euskaltzalea bestea. Ikaskideen artean, denetarik. Eskuin muturreko militanteak ere bai, "Viva la Gardia Civil" eta "Viva Fuerza Nueva" eranskailuak koadernoan jarrita. Eta ni han, arras galdua.
Bazkalostean kafesnea eta croissanta hartzera joan nintzen ikastetxeko tabernara. Zenbat zen galdegin nion zerbitzariari. Zinto kintze. Salbatu nauk, pentsatu nuen. Bi zerbitzariak ziren euskaldunak, Joxemari eta Anjel. Handik egun batzuetara leku berean nengoen. Kafesnea eta croissanta. Euria ari zuen goian-behean. Halako batean, erdiarotik zetorrela zirudien gizon bat sartu zen. Zakua burutik behera, hamar bat eguneko bizarra, lurruna zeriola... Joxemarik niri begira jarri zuen berehala: "Inazio, hi erdi bertsolaria haiz eta...mutiko hau ez duk ezagutzen?". Zakua kendu eta nigana etorri zen. Ordurako gazteen txapelketa zenbait irabaziak nituen, eta garaiko bertsolaririk hoberenekin kantatzen hasia nintzen, baina ez nuen espero ezezagun bitxi hark nire berri izango zuenik. Bazuen, bai. Nire bertsoren bat buruz jakiteraino. Ezin nuen sinetsi... Gure eskolako arotza zen, guk hautsitako mahai eta aulkiak konpontzen zituena. Inazio Iriarte, millonario ezizenez. Handik aurrera egunero egiten genuen hitz-aspertu bat. Topo egiten genuenean, bostekoa luzatzen zidan: Inazio Iriarte, zure sozio hil arte. Agurtzean gauza bera, baina errima aldatuta: Iriarte Inazio, hil arte zure sozio.
Elizondon urteroko bertso saioa egiten genuenean, han izaten zen, xuxen. Elkarri besarkada bat eman eta kontu zaharrak berritzen genituen. Urte batean ez zen agertu. Hamabost egun lehenago hil zela esan zidaten. Negar egin nuen. Oraindik sozio gara.