Duela gutxi aurkeztu dute Migel Gallastegi handiari buruzko liburua, Luis Aranberri Amatiño kazetari ezagunak idatzia. Aurkezpenerako bertso bat bidali nienez, bideoan grabatua, Eibarko Udalak ale bat igorri dit, esker onez. Gustura hartu dut. Zorrotik atera eta...danba!, kopetaren erdian: La pelota según Miguel Gallastegi. Bi edizio aterako zituztela pentsatu dut, eta niri erdarazkoa bidali, erraturik. Ez, erdaraz bakarrik argitaratu dute. Amatiñok berak eman du azalpena, Eibarko euskara ederrean: "Jira eta buelta, eskuartean dozun liburu honek, irakorle, Migelek bere etxian aurrez aurre neri kontautakuak biltzen dittu gehixenbat. Euskeraz kontautakuak eta eskuz jasotakuak dan-danak. Gero erderaz idatzitta, hori bai, ez nebalako sekula uste izan justua izan leikianik Migelek berak iñoiz irakorri ezin izango zeban libururik idaztia".

Aldartea zeharo ilundu dit azalpenak, baina neure bat-bateko ondorio eta sentipenetan okerren bat behar duela pentsatu dut, Amatiño ni jaiotzerako hasi baitzen euskarazko kazetaritzan, hari ezin baitiot inola ere euskararekiko begirunerik, atxikimendurik eta engaiamendurik ez izatea leporatu. Edozein gisaz, ezin diot inolako zentzurik atzeman erabakiari. Protagonistarekiko begirunez hartua da, antza. Euskaraz alfabetatu gabea izaki, egileari ez zaio bidezko iruditu hark irakur ez dezakeen hizkuntzan idaztea. Arrazoibide arras ahula iruditu zait. Besteak beste, Amatiñok berak aitortzen duelako Ander Letamendiak iradoki ziola Arrateko semeaz liburu bat idatzi behar lukeela. Letamendiak Migel Soroari buruzkoa idatzi zuen zenbait urte lehenago: "Migel Soroa, beti gizon eta kantxan jaun!". Soroa ere euskaraz alfabetatu gabea zen, baina liburua euskara hutsean idatzia da, eta egileak begirune soilaz haragoko zerbait ere bazuen Elduaiengo txapeldun handiaz: miresmena.

Ez dut inorekin hitz egin, ez dakit gainerako euskal irakurleek nola hartu izango duten bi euskaldunen arteko solasa, euskal kirol bat ardatz duena, erdara hutsezko liburu batean bildu izana. Niri tristura eta hustasuna eragin dit. Irizpide desberdintasuna izango da, baina gutxi, oso gutxi behar dugu geurea bazter uzteko. Eta hemen dut liburua, aurrean, nire eskuek noiz helduko zain. Helduko diot, begirunez nik ere, Migelekiko begirunez, ez barruak hala agin-tzen didalako.