EUSTATek, Euskal Estatistika Institutuak jakinarazi zigun duela pare bat hilabete: "EAEko gizasemeen bizi-itxaropenak 9,3 urte egin du gora 1975etik, eta 79 urtean kokatu da. Emakumeena, aldiz, 85,4era iritsi da. Batez beste, urtean-urtean, hiru hilabete goratu da bizi-itxaropena." Beraz, gero eta luzeagoa da gizakion bizitza, eta baldintza gero eta hobeetan heltzen gara zahartzarora. Bilakaerak erritmo berean jarraituko balu, beste horrenbeste urteko bizia izango nuke, gutxi gorabehera. Iraupenak baino gehiago kezkatzen nau bizi-kalitateak, buruz eta gorputzez baldintza egokietan zahartzeak, inorentzat zama izatera iritsi gabe. Zarauzko aitona estimatu baten hitzak datozkit gogora, Luix lagunarenak: "pertsona bakoitzak botoi gorri bat behar luke eskura, gehiago ezin duenean hura sakatu eta otzan-otzan itzaltzeko".
Baina ez naute azken arnasaren atariko kezkek bultzatu gaurko artikulua idaztera, gure bizitzaren batez-besteko iraupena adierazteko erabiltzen duten hiztegi teknikoak baizik. "Bizi-itxaropena" deitzen diote, eta horrek beste aitona baten istorioa gogorarazi dit. Julian Bereziartua medikuak liburu zoragarri bat idatzi zuen orain zenbait urte, mediku-kontsultan bizi izandako pasadizo bitxiekin. Haietako batean konta-tzen du adinez oso aurrera joandako gizon bat azterketa orokor bat egitera inguratu zitzaiola. Egin beharreko analisi guztien ondoren, ohiko aldarte eta jarrera positiboaz esan zion Julianek: "mutiko bat bezala zaude, itzul zaitez hogei urte barru beste azterketa bat egitera". Aitonaren erantzuna, antologikoa: "eta zu hor egongo al zara?".
Bizi-itxaropena bizipozetik hurbileko zerbait da, eta ezin du inongo estatistikak sailkatu, ez inolako datuk irendu. Itxaropenak ilusioarekin du zerikusia, ametsekin, eta ez dago hori mugatuko duen mediku-ikerketarik edo soziologia-prospekziorik.