izaki sexualak gara, jaiotzen garen egunetik hiltzen gareneraino. Gorputza eraldatu egiten da, gaitasun batzuk galdu ahala beste batzuk irabazten ditugu, sexua ulertzeko eta bizitzeko moduak ere aldatu egiten dira, baina izaki sexualak izaten jarraitzen dugu hil arte, eta izate horrek berebiziko garrantzia du gure nortasun eta harremanetan. Denok ezagutu ditugu, txiki-txikitatik, pertsona "desberdinak", onartutako gustu eta joera bakarretik aldentzen zirenak, eta nahitaez aitortu behar dugu baztertuak izaten zirela. Gure herri txiki eta itxietatik ihes egin behar izan zutenak ere ezagutu ditugu. Donostiara batek, Caracasera besteak. Eta haurtzaro lehenetik bizi behar izan zutenak markaturik utzi ditu, sekulako markaturik, sorterrira itzultzeak ikara eragiteraino. Naturak emandako joera sexualekin ezer gutxi bizi ahal izan dute, bestelako aditzak erabili beharra dago: jasan, sufritu, nozitu, pairatu...
Gizateriaren historia luzean kondena beldurgarria izan da homosexual jaiotzea, izua eragiten du munduko bazter guztietan pasa behar izan dituztenak irudikatzen hasteak. Menderik mende, gure izate sexualak zirikatu gaitu, eta erlijioak, erlijioek, zikiratu. Orain 20 bat urte, elizaren jokabideaz galdegin nion Joxemari Aranalde apaiz maiteari. Erantzun bete-betea eman zidan: ez dago bi gizakiren arteko amodioa kondena dezakeen jainkorik eta erlijiorik, sexu berekoen artekoa izanik ere. Oraintsu, an-tzeko zerbait esan du Frantzisko aita santuak, laster Fernando Sebastian kardinal izendatuko duen berberak. Honek elizaren betiko diskurtsoa azaleratu du ostera, Donostiako Go-tzainak urte batzuk lehenago defendatzen zuen bera: homosexualitatea gaixotasuna da, eritasun sendagarria. Ez daukate beharleku eta gastu makala gaixorik dauden apaiz, gotzain eta kardinalak sendatzen!
Fernando Sebastianek irain egiten die homosexualei, baita ez garenoi ere, eta hainbat fededuni hazka egiteko gogoa ematen die hark sustatzen duen eliza atzerakoi eta baztertzaileak. Sebastian bat bada zeruan, baina ez naiz hartaz ari. Beste Sebastian honek infernurako zerrendak egiten ditu.