DOLORESEK bizitza gogorra izan du. Haurride asko ziren, eta aitaren soldata doi-doi heltzen zen denei jaten emateko. Ahizpa zaharragoaren arropak hartzen zituen oinordetzan. Nerabe zela hasi zen lanean, baina irabazten zuentxoa amari ematen zion oso-osorik. Harengandik ikasi zuen gazterik hasi behar dela heriotzarako prestatzen. Ez espiritualki, logistikoki baizik. Diruz beti hain larri ibili arren, hilero-hilero kuotatxo bat ordaintzen zioten hil osteko zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa bati. Ama zorrotz eta zuhur hark txikitatik txertatu zien seme-alabei heriotza ordurako gauzak ongi lotuta edukitzea zein garrantzi-tsua den. Hileroko kuotak hileta duin bat ziurtatzen du, beste edonorenaren parekoa. Eskelan noren izenak eta zer esaldi jarri ere norberak erabakita utzi behar duela argi utzi zien:

Urak dakarrena

urak daroa,

lurrak emandakoa

lurrean gelditzen da.

Eta zu hemen.

Beti zu hemen.

Gutxitan ikusia, deigarri gertatzera iritsi gabe. Diskrezioa gauza ona da, hil eta gero ere.

Amaren printzipioek gidatu dute Doloresen jokamoldea, sekula ez du haren irakaspenik zalantzan jarri. Gaur arte. Izan ere, irratiz entzun du erraiak astindu dizkion kasua: hiru urte hilda zeramatzan emakume baten gorpua aurkitu dute Bilboko etxebizitza batean. Izenik ez dute esan, adinik ere ez. Hiru urtez pertsona bakarra oroitu da hildakoaz: ordaindu gabeko kuotak kobratu nahi zituen gizona, etxejabeen elkarteko arduraduna. Beste inork ez du izenik gabeko emakume horren mirarik izan, haren hutsunerik sumatu. Nahi gabe, bere burua kasu berean ikusi du Doloresek, eta erabaki sendo bat hartu: gehiago ez du hil osteko zerbi-tzuen kuotarik ordainduko. Aurrerantzean, bizitza izango du lehentasun, inguruan dituenen maitasuna. Sofatik altxa eta, aspaldiko partez, muxu bat eman dio senarrari. Aspaldiko partez, bizitzaz arduratzea erabaki du.