Ramón gurea hil da, Ramon Labaien. Euskalzaletasunari eta kulturari errotik atxikitako gizona zen, odolez txertaturik baitzetozkion. Aro berriko lehen Jaurlaritzan kultura sailburu izan zen. Zorionez. Izan ere, une erabakigarrietan oso garrantzitsua izaten da "barrabiladun jendea". Gordin eta zabar idatzi dut, baina berak onartuko lidakeela iruditzen zait. Halakoxea zen Ramon, kuraia zuen ezaugarri nagusi, ausardia. Fede handiko gizona zen, sinesten zuenagatik borroka-tzeko adore apartaren gabe. Euskarazko irrati-telebistaren premiaz inor baino lehen jabetu eta hura aurrera eramateko baliabideak jarri zituen. Ez lege-prozedurek eskatzen zuten moduan, hain segur. Uneak eskatzen zuenean bai, ordea. Orduan ere, behin behar-eta, ekonomiak garai zailak bizi zituen. Halere, proiektu bat abiatu eta aurrera egiteko tresnak jarri zizkion eskuetan. Krisialdietan da garrantzitsuen lehentasunak finkatzen jakitea. Ramonek asmatu egin zuen.
Kazetariontzat, elkarrizketatzaileontzat, egundoko pagotxa izaten zen, beti eman ohi zuen jokoa, beti uzten harribitxiren bat. Inoiz zakar samar ere aritu ohi zen, gogoan dut zeinen estu hartu zuen orain Euskadiko PPren buruzagietako bat dena Sorginen Laratza saioko solasaldi batean. Gonbidatuen gelan negar eragiteraino.
Bitxi gertatu izan zait hainbesteko heterodoxia erakutsi izan duen gizona beti sigla berberei lotuta agertu izana, ez baitzen inongo diziplinaren pean otzan egotekoa. Beti izan zen gizon askea, beti izan zuen aginduen gainetik pentsatzen eta sinesten zuena adierazteko nortasuna. Arrazoibide bihurri eta originalak zituen, ez zegoen harekin aspertzerik. Joera aurrekoiak agertu ohi zituen zenbait gaitan, usadio zaharrekin nahasirik. Egunkari honetan, artikulu hau doan leku berean, kontrazalaren gorenean irakurtzen genituen haren iritziak orain urte gutxi. Idazmakinaz idatzi eta faxez bidali ohi zituen. Bakarra zen, bat eta bera. Eskerrik asko, Ramon!