desOBEDIENTZIA zibila deitu duten borroka moldeak mila ertz eta jokabide ditu. Leku batzuetan, gehien erabili dutenen botereguneetan, haien aurka baliatzen hasi dira beste batzuk, jokamolde zilegi bezain sanoan. Yolanda Barcina andreari aurpegian hiru tartakada eman zizkiotenek ere desobedientzia mota bera erabili zutela argudiatzen dute, ez zela han bortxarik izan. Bortxaren mugak non hasten eta bukatzen diren zehaztu beharko genuke. Eizagirre alkatea edo Garitano aldun nagusia ere berdin-berdin izan litezke tartalarien jomuga -beste batzuena, bistan da-, beti baitago agintariez kexu den herritarren bat. Salagarria dateke baina, Frantziako justiziak berehala artxibaturiko auzi horretan, Espainiako fiskaltza eta Nafarroako lehendakariaren akusazio partikularra ez dira isun bat eskatzera mugatu, 5 eta 9 urteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte, hurrenez hurren.
Aurtengo San Ferminen hasieran Iruñean ikurrin erraldoi hura zabaldu zuten "arran-tzaleak" ere epaiketa mediatiko arriskutsu baten atarian dira. Mediatikoa, hein batean, ekintza bera ere hala izan zelako, baina baita sarraskijaleen bazka goxo bihurtuko delako ere. Arriskutsua, aldiz, hemen ere zigor eskariak neurrigabeak izango direlako. "Egoera deserosoa" sortu zutela dio epaileak. Noren-tzat esan behar... Bestetik, arrisku handiko egoera eragin omen zuten, "ikurrin astun hura jendartera eror baitzitekeen". Ez zait bururatzen zer nolako zauriak eragin zitzakeen, zenbaiten larruazalean alergia izan ezik. Akusatuak beldur dira, ez motiborik gabe.
Galiziatik Frantziako itsas bazterreraino marea beltza eragin zuen istripuaren epaiketa berantiarrak -iragandako denborak berak bihurtzen du bidegabe- akusatu guztiak errugabe jo ditu. Hain segurtasun urriko ontziei baimena ematen dieten agintariak, ontziaren kapitaina, jabeak, "Prestige" itsasoratzeko agindua eman zutenak...den-denak hobengabe. Nafarroako presidenteari tartakada bat eman ziotenentzat 9 urteko zigor eskaera, ikurrina zabaldu zutenak antzeko baten beldur, eta gure itsasoan hondamendi ekologikoa eta ekonomikoa eragin zuen gertakariarentzat erantzulerik ez. Eta denok, zuek eta ni, justizia horren baitan.