kIROLAREN osagai garrantzitsua da emozioa. Lehiakideetako bat aise gailentzen denean, hark eskainiriko ikuskizunaren baitan geratzen da partidaren grazia. Partaideak paretsu doazenean, aldiz, inspirazio handirik gabe badihardute ere, emaitzaren zalantzak norgehiagokari begira atxikiko gaitu azken unera arte. Herenegun hiru partida izan ziren Donostiako Atano III.ean. Galtzaileek 2, 8 eta 5 kintze egin zituzten, hurrenez hurren. Atzo, Bizkaia pilotalekuan, 13 tantorekin geratu zen Irujo ere Aimarren aurka. Parekotasunik batere ez, beraz. Irteeran horren kexu ziren zenbait zale, eta zilegizko kexa dateke, baina batzuetan ahaztu egiten zaigu ziurgabetasuna dela kirolaren beste faktore ezinbesteko bat. Sekula ezin da jakin zer gertatuko den, inoiz ezin da aurrikusi gauzak nola joango diren.

Reala eta Osasunaren arteko partidak ere ez zuen emozio handirik izan. Donostiarrek, iazko denboraldiko eraginkortasuna berreskuraturik, bost gol sartu zizkieten nafarrei. Orekarik ez, baina txuri-urdinen jarraitzaileak pozez txoratzen. Valladoliden minutu batean garaipena ihes egiten ikusi ondoren, susturik eta disgusturik gabeko norgehiagoka eskertu egin zuten.

Kirolak baditu, zorigaitzez, emoziorik eza baino alderdi tristeagoak. Atzo 29 urteko mutil bat hil zen Hondarribian, Beñat Eltzo. Lasterka zebilela bihotzekoak eman zion eta ezin izan zuten ezer egin. Arraunlari izana zen, kirolari bikaina, eta ondo kontrolatuta egon da, ustez. Badira halere, antza denez, nekez saihestu daitezkeen gauzak. Diego Gartzia eta Xabier Sagartzazu datozkit gogora. Goi mailako kirolariak biak, behar bezalako mediku zaintza zutenak, bat-batean joan zitzaizkigun. Entrenatzen ari zela bata, autobusera igotzera zihoala bestea. Ez, beraz, bihotzari esfortzu handia eskatzen ari zirela. Misterio latzak eta kolpe latzagoak.