Laster hasiko dira Gazteluzahar izeneko gazteluaren aurriak sostengatu eta ingurua antolatzen V. mendeurrenari so. Irungo herriaren oroimen historikoa elikatzeko abagune berri bat izateaz gain, inguruaren ezagutza sustatzeko ere balio izango ahal du!Hala ere, bada arlo bat, komunikabideetan behintzat aipatu ez dena eta hau zera da: bertako egungo flora eta fauna nola babestuko den.Gogora ditzagun, faunari dagokionez, urtaroen arabera agertu ohi direnak, besteak beste: katagorria... (katagorria mikengandik ihesi ikusi izan dugu behin edo behin).Baina badira urte osoa gaztelua euren bizitokitzat dutenak ere; hara nola, uso, mika, ziraun, lapur-txori, musker, sugandila, zozo, birigarro e.a. Ohikoa da zozoek habia alboko etxeetako terrazetan urtero egitea, liztor beltzak bezalaxe.Herritar eta bisitarientzat leku atsegina eta txukuna egitea bada egitasmoa, ona litzateke arestian aipaturiko arloa ere babestea, hainbeste urtez sortutako habitata desegin eta gure ingurunetik urrundu ez dadin. Hala bedi!