Andoaingo Leitzarango atseden-leku desatsegina

19.10.2021 | 00:38

Gutun honen asmoa da 2021eko urriaren 17an Andoaingo Leitzaran bailarako Otieta atseden-lekuko parkinean gertatu zaiguna azaltzea, bertaratu daitezkeen bisitariak ohartaraztea eta Andoaingo Udaletxeari eskaera bat egitea.Belabietara igotzeko asmoarekin goizeko 8.15ean aparkatu dugu autoa bertako parkinean. Atseden-leku hori eta bere ingurua oso bisitatua izanik parkin luzea eta zabala dago. Ordu horretan gu bakarrik gaude baina autoa txukun aparkatu dugu bi marra txurien artean, jakinik parkina bete egiten dela (nik hainbatetan aparkatu dut bertan).12.30ak inguru bueltan autora itzuli eta, ezin sinisturik, aurreko gurpil batek zepoa duela ikusi dugu. Inguruko autoek isuna dute baina zeporik ez. Zepoa gureak bakarrik. Inguru isolatua izanik estaldura txarra dago eta kosta egin zaigu udaltzainei deitzea zepoa kendu diezaguten eskatzeko.Bitarte horretan gainerako bisitariak iristen hasi dira eta, guzti-guztiak, zur eta lur gelditu dira isuna jaso dutela konprobatzerakoan. Inguruak miatzen hasi eta erdi-izkutuan (guztiz izkutuan, eta propio, ez bada) jai-egun eta igandetan aparkatzea debekatua dagoela dioen seinalea ikusi dugu (gu bezala beste inor ez da konturatu). Orain arte gertaerak, ondoren hausnarketa, iritzia eta eskaera.Nola arraio egon daiteke horrelako leku batean bertan aparkatzeko debekua? Parkin bat non ezin den aparkatu? Zertarako dago orduan? Bertan ez dago oztopatu daitekeen inolako aktibitate-komertzialik ez etxe sarrera-irteerarik ezta ere trafiko joan etorririk. Aparkatzea debekatu nahi baduzu jar ezazu ondo ikusiko den seinalea eta ez parkinaren muturretan inork erreparatuko ez dituen lekuetan. Aurrekoa amorragarria izanik ere nire onetik ateratzen nauena da zepoa guri bakarrik jarri izanak. Eta horren arrazoia? Bada, kotxearen matrikula frantsesa izatea. Zertan oinarritzen da Andoaingo Udala matrikula espainiarra duten kotxeei zepoa ez jartzeko eta atzerritarrei bai (gutxienez matrikula frantsesa dutenei). (Nahita?) Oso gaizki seinalizatuak dauden seinale batzuen bitartez jai-egun eta asteburuetan aparkatzeko debekua ezartzea inolako zentzurik ez duen neurria da eta, azken batean, hiritarrei egindako lapurreta kamuflatua.Eta kotxe frantsesei (gainerako atzerritar autoei ez dakit) zepoa jartzea neurri diskriminatzaile eta bidegabekeri gorrotagarria irudi-tzen zait.Dagokion arduradunari, errespetu osoarekin eta guztion hobe beharrez, aparkatzeko debeku seinale horiek kentzea eskatuko nioke.

noticias de noticiasdegipuzkoa