Zatoz, zatoz, ama etxera ... zatoz, zatoz, aita etxera ... Ederki asko molda liteke Hator, hator, mutil etxera gabon-kanta hunkigarria igarotzen ari garen egoeran. Gure zahar asko dago egoitzetan. Gipuzkoan bost bat mila gizon eta emakume, urtetsuak eta osasunez hondatuak. Gurasoak, aiton-amonak edo bakarrik geratutako osaba-izebak. Eta gureak ditugu.

Aurreko batean ETBn emakume bat azaldu zen zahar egoitzaren kanpo aldean. Adin handikoa zen. Aulkian zegoen. Oinak ahulduta baina burua argi, mingainean herdoilik ez zeukan. Bihotza minduta, penatuta zegoen Gabonetan ez delako etxean izango. Ezta Gabon Gaueko afarian ere. "Tristea da", zioen negarguraz. "Hemen ondo gaude", erantsi zuen une batean, bera bizi den zahar egoitzaz. Baina etxea bezalakorik ez. Izan ere Gabonetan piztu egiten dira oroitzapenak, bizipenak, sinesmenak... Pertsona egin gaituen guztia esnatzen zaigu barru-barruan. Eta emakume hau etxe-minez ari zitzaigun. Makina baten ahotsa iruditu zitzaidan.

Covidari aurre egiten 14 miloi gastatu ditu Diputazioko Gizarte Politiketako departamentuak eta beste 25 miloi iragarri ditu. Dirutza da. Baina asko ez da aski batzuen-tzat. Orain ere kexa dira ezkerrean kokatzen diren hainbat alderdi, sindikatu eta elkarte. Badakigu zerbitzuen beharra daukagula eta arreta duina nahi dugu gure zaharrentzat. Hala, egoitzetan makina bat zuzendari eta langile saiatzen da giro ona eta goxoa jartzen, zer esanik ez egun berezi hauetan; maite dituzte zaharrak, nola maite gainera. Baina zerbitzu onenak ere ez dezake ezin duena ordezkatu: norberaren familia; eta egoitzei ezin zaie eskatu ez direna izateko: norberaren etxea. Horiek horrela, inori ez diot entzun gogoeta egiten Maite Peña diputatuak esan duen gauza bati buruz: etxean igaro ditzaketela Gabonak, diru eta zainketa laguntzaz, eta plaza gordeta, jakina. Gipuzkoan, bost mila adineko daude egoitzetan eta hiru familiak bidali zuten eskaria orain hamabost egun aita edo ama, edo beste senideren bat, Gabonak etxean igarotzeko. Denbora honetan ez dakit beste zenbatek galdetuko zuen.

Badakit egoerak eta egoerak daudela. Baina sortzen ari garen giroak ematen dit kezka eta pena. Urteek gastatutako zaharrak pertsonak dira. Nahiz eta ezaguera galduta egon, guk ezagutu ditzagula, ikus dezagula aita-ama, osaba-izeba, izan zirena eta direna. Xamurtasunez begiratu eta laztan ditzagula. Utz diezaiegun gure alderik gizatiarrena ateratzen. Politikaren eskuaz eta etxekoen bihotzaz eragiten zaio gizarte zuzenari. Eragiogun bada. Covid aldiko Eguberriak inoiz baino Eguberriago aitaren ta amaren ondoan.