Ekosistema
Susmoa dut Julio Iglesiasek eta nik gaiztakeriatzat jotzen duguna ez dela gauza bera
Julio Iglesias salatu duten emakumeen testigantzak beldurgarriak dira, baina abeslaria defendatzera irten direnen erreakzioek are nazkagarriagoa bihurtu dute kasua. Erasotuak izan baziren, zergatik ez ziren bada haren etxetik joan? Behin baino gehiagotan bortxatzen bazaituzte, hori jada ez da bortxaketa… Eta halako txotxolokeriak eta gaiztakeriak esan dituzte abeslariaren defendatzaileek. Iglesiasek, bere aldetik, esan du ezin duela sinetsi munduan hainbesteko gaiztakeria egon daitekeenik. Eta horretan ados nago berarekin. Baina susmoa dut berak eta nik gaiztakeriatzat jotzen duguna ez dela gauza bera. Izan ere, niri gaiztakeria iruditzen zait kasua baloratzea kontuan izan gabe emakume hauek Julio Iglesiasekin bizi zuten botere-harremana, pentsatu gabe testuinguru horretan sexu-erasoak edo botere-abusuak salatzea ia ekintza heroikoa dela. Emakume isolatuak, sarerik gabekoak, egoera ekonomiko zaurgarrian bizi direnak… Eta haien aurrean munduko gizon boteretsuenetako bat. Gizarteak frogak eta koherentzia eskatzen die salatzaileei, ahaztuta salatzaileak eta salatua ez daudela maila berean. “Inork ez dizue sinetsiko” esaten omen zien Iglesiasek emakumeoi, haien salaketaren arabera. Eta hori izaten da askotan oztopo nagusienetako bat emakume batek jasan duen erasoa salatzeko lekukoak ez dituenean. Ekosistema oso bat sentitzen duela bere kontra. Epaileek esan beharko dute, bai, zer gertatu den “Izuaren etxea” deitzen zioten luxuzko jauregi horretan, baina ez dezagun ahaztu urtetan Julio Iglesiasek emakumeekin izan duen nagusitasun eta errespetu gutxiko jarrera ugariak mirespenez eta irribarre batekin onartu dituen gizarte batean eman dela. Iglesiasen kontra salaketa aurkeztu duten emakume horiek bezalako asko daude munduan. Eta haien zaurgarritasuna eta bizi izan duten mendekotasun egoera ez da ezaugarri pertsonal bat, mendeetan sortzen joan den ekosistema baten ondorio baizik.
