“Carlota se enrolla que te cagas”. Espainian ministro izandako Ábalosen ahotsean entzun dugu esaldia. Baina zer ulertzen du Ábalosek ondo enrollatze horrekin? Ba ez zaio buruari buelta asko eman beharrik. Harentzat, emakume bat ondo enrollatzea da bera asetzeko dena emateko prest egotea, bere hitza obeditzea, gidoiak hala eskatuz gero umiliatua izateko prest egotea, desiraz eta aldi berean mespretxuz tratatua izatea normaltzat hartzea, behar izanez gero zakarki tratatua izatea onartzea... Bada Carlotak bezala, prostituzioan ez dabiltzan emakume askok ere euren burua behartuta ikusten dute “enrollatu” itxura agertzera gizon batzuen aurrean, haiek nahi dutena egiteko prest, desiratuak izateko. Ondo ikasita dute mugak jartzen hasiz gero, arazo bihurtzen direla gizon askorentzat. Hobe dena onartzea. Hobe euren gorputza jolas-parke bat bihurtzea.
Baina nire kezka ez da mugatzen Ábalos bezalako señoroek emakumeekin izan ditzaketen harremanetara; nire kezka gero eta gehiago zabaltzen ari den imajinario batekin du zerikusia, bereziki gazteen artean. Gero eta matxistagoa den unibertso digitalean, neskak genero diziplina ikasten ari dira eta mutilak incel munduaren eraginpean daude. Neskek egunero ikasten dute euren kapital nagusia kapital erotikoa dela (txikitatik dira hipersexualizazioaren eta kosmetorexiaren biktima) eta mutilek ikasten dute euren gizontasuna erakutsi behar dutela, bro, euren boterea. Eta ez dira ezerezetik sortzen diren mezuak. Duela egun batzuk Carmen Ruiz Repullo irakasleak azaldu zuen bezala, mundua berrantolatzeko helburuaz programatutako mezuak dira. Eta zehazki, feminismoak “desordenatu” duena berriz ordenatzea dute helburu.
Ziur nago gaur egun neska askok neska enrollatutzat jo ditzaten egiten dituzten gauza asko praktika deseroso eta indarkeriazkoekin zerikusia dutela. Ordaintzen ari diren prezioa garestia da. Egunero emakume gazte askok bizi behar izaten duten indarkeria da, ezkutuan dagoena, eta gizarte itsu honek oraindik ikusteko dituen ondorio latzak dakartzana.