Ereduak
Eskerrik asko erakusteagatik ez dagoela ontasuna eta tratu ona baino gauza iraultzaileagorik
Jose Mujikaren heriotzarekin bizitza-ereduak izatearen garrantzia berretsi dugu. Lezio garrantzitsuak utzi dizkigu umiltasunez bizitzearen eta pertsonak eta ingurunea errespetatzearen garrantziaz. Bada egun batzuk lehenago, beste gizon on baten heriotza gertatu da, kasu honetan ez dena mundu mailan ezaguna, baina bere inguruan bizitza-lezio garrantzitsuak utzi dituena baita ere. Eta pentsatu dut ereduak ez direla beti mundu mailan ezagunak izan behar, horietako asko gertu izaten ditugula askotan. Jose Luis Sanz Irazu zuen izena, eta zaintza lanak behar beste baloratzen ez dituen mundu honetan, eredu izan da. Gizon zaintzaile bat izan da. Idatzita utzi zuen ez zuela hileta ez eskelarik nahi. Izan ere, ez zuen inolako ekitaldirik behar garrantzitsu sentitzeko. Bazekien hala zela. Garrantzitsua izan da bere emaztearentzat, egunero zaindu baitu, eta, beste gizon batzuek emazteak etxean uzten zituzten garaietan, eurak elkarrekin irten dira beti ardoak hartzera edo afaltzera; garrantzitsua izan da bere hiru alabentzat, adi egonez euren ibilbideei, bakoitzak aukeratutako bideak errespetatuz eta haiengandik harro sentituz beti; garrantzitsua izan da bere lagun izan zirenentzat eta bere familia osoarentzat. Familia batzen arduratu zen, beti bazkariak eta askariak antolatuz, denontzako janaria prestatuz. Gizon zaintzaile eta adeitsua izan da, premiaz behar ditugun horietakoa, eta dotore joaten jakin du, euren lana ongi egin dutela eta besteentzat eredu izango direla dakitenek bakarrik doazen bezala. Bere Legarda maitean hartuko du atseden betirako. Bertan familiak eta lagunek bere oroimena zainduko dute berak bere bizitzara hurbildu ziren pertsona guztiak zaindu zituen bezala. Eseri zaitez, zerbait hartu nahi duzu? Jose Luis, horrela gogoratuko zaitugu beti, zure etxera hurbildu denari zure onena eskainiz. Eskerrik asko mundua keinu txikiekin aldatu daitekeela gogoratzeagatik. Eskerrik asko erakusteagatik ez dagoela ontasuna eta tratu ona baino gauza iraultzaileagorik.