Betidanik gustatu zait gehiago ese letra, dituen bihurguneengatik, beti hain tente eta harro antzean dagoen ele hizkia baino. Aste honetan, bizkarrezur baten marrazkia ikusita, pentsatu dut bihurguneen aldeko lehentasun horrek agian izan dezakeela zerikusia nire biziraupen-senarekin. Izan ere, bizkarrezurrari begira, ese handi bat dela gogoratu dut: forma konbexua du zerbikaletan, konkaboa toraxaren aldean, barrualdera egiten du berriz gerrialdean eta kanpora berriz coxiaren inguruan, azkenean barrurantz amaitzeko. Ez da kasualitatea forma hori izatea, horrela baitago diseinatuta kolpeak arintzeko, gorputzaren pisuari modu orekatuagoan eusteko eta kolpe batekin ez zatitzeko, ele bat balitz gertatuko litzaiokeen bezala. Malguki moduko bat da kolpeei eta pisuari eusteko. Honek gehiegizko gogortasun eta zuzentasunaren arriskuaz pentsarazi dit, ez bakarrik hezurrei dagokienean, baita gure jarrerei dagokienean ere. Ele hizkia bezain zurrun eta zorrotzak diren pertsonak ez daude hain prestatuak etengabe aldatzen doan bizitza honetarako, ezta elkarbizitzarako ere, bizitzan zerbait behar baldin badugu egoera ezberdinetara egokitzeko gaitasuna baita, gure ekintzak modulatu eta moldatzeko gaitasuna. Plastilina izatea harriaren ordez. Eta bitxia da, askotan nola goraipatzen den pertsona batzuen irmotasuna euren iritzia defendatzeko orduan eta nola batzuetan koherentzia hitza ematen diogun burugogorkeria eta intrantsigentzia baino ez denari; eta, aldiz, nola ahuleziatzat jotzen ditugun zalantza edo iritzi-aldaketak, hauek elkarbizitzarako funtsezko osagaiak direnean. Euren iritzia aldatzea amore emate gisa ulertzen ez duten pertsonen balioan sinisten dut, euren printzipioak galtzen ari direla sentitu ezik, hauek aberasten ari direla ohartzeko kapaz direlako. Ese hizkiaren antzekoa den jendea askotan ez da nabarmentzen, lepoa tente daraman ele hizkia beti da ikusgarriagoa, baina bihurguneen malgutasuna duen jendearen ekarpenik gabe, ezinezkoak lirateke akordioak, eta, ondorioz, bizikidetza.