Txingarra
Lozorro hitzarekin deskribatu daitezke harreman batzuetan gertatzen diren aldizkako isiltasun eta urruntasun uneak. Generalean bizitza osoa irauten duten harremanetan bakarrik gertatzen dira, ibilbide handiko harreman handietan. Distira handiko uneak dituzte, baina baita halako uneak ere, zeinetan harremana lokartzen den hibernazio batean bezala. Une horietan harremana itzali egiten dela ematen du, hoztu egiten da. Baina ez dira guztiak hor hiltzen.
Harreman sendoak dira egoera hauetatik bizirik irtetzen diren bakarrak. Harreman ahulak gaixotu egiten dira isilune horietan, eta hil. Harreman sendoek, aldiz, berpizteko ahalmena dute, eta horregatik, izan ditzakete halako etenak, izan ditzakete une distiratsuak eta baita isilago eta erlazio handirik gabekoak ere. Eta ez dira horregatik hiltzen.
Eta harreman hori berpizten den egun hori berezia da, izan ere, ematen du bere barnean 365 edo 720 egun dituela. Lagunzahar batekin elkar-tzen zaren egun horretan ez duzu sentitzen zerbait berria hasten zaudenik, kate baten hurrengo mailan zaudela baizik. Lau urtez kartzelan egon ondoren Fray Luis de Leonek bere ikasleei botatako "Como decíamos ayer" famatu hartan bezala, jarraipenak irabazi egiten dio etenari. Lagun zaharrarekin berriz ere elkartzean, berarekin "betiko moduan" hitz egiten hastean, haren historia gure historia ere badela berriz ere gogoratzean, halako une goren bat bizitzen dugu, harreman horren kalitatea eta haren kilateen pisua egiaztatzen dugulako. Betidanik ezagutu dugun ahots hori berriz entzutea, beti izan dituen keinuak errekonozitzea... hori txokolate beltza daztatzea modukoa da.
Eta bai, berriz elkar aurkitze hori hunkigarria da benetan, baina badago adiskidetasun zahar bat nola berpizten den egiaztatzea baino zerbait hobea: jakitea bihar berriz itzaltzen edo lokar-tzen bada ere, beti egongo dela hor txingarra, zain, norbaitek haien gainean putz egin eta sua berriz nola berpizten den ikusteko.