Síguenos en redes sociales:

Usaina

"Ze usain zuen ere gogoratzen dut". Bere garaian atxilotu zuten Guardia Zibilen aurrean Sandra Barrenetxeak aurreko egunean egindako de-klarazio lazgarri eta beldurgarrietatik, hitz horiek iltzatuta geratu zaizkit. Barru barruraino sartu zaizkit, min egin didate benetan. Eta pentsatu dut edozein gehiegikerien aurrean (berdin eraso bat, bortxaketa bat, atentatu bat, edozein indarkeria ekintza ), biktima izandako pertsonaren barruan nola geratzen diren iltzatuta beste inori azaltzea ezinezkoak diren horiek. Erasotzailearen usaina adibidez. Eta nola usaina bera imajinatzearekin bakarrik, amesgaiztoak berriz hartzen duen indarra biktimaren barruan, eta nola berriz bortxatua, erasoa, kolpatua sentitu daitekeen pertsona bat zentzumenen berpizte horren bitartez. Bakoitzak barruan daramatza bizitzak burdin gorriz egin dizkion markak. Batzuenak oso tragikoak dira, oso latzak (gerra bat bizi izan dutenenak; bortxaketa baten biktima izan direnenak; tratu txarrak jasan dituztenenak; istripu, atentatu edo gaixotasun larri baten ondorioz gertuko norbait galdu dutenenak ) , baina egoera hain latz eta muturrekoak bizi izan ez dituen gehiengoak ere izaten ditu barruan markak, bizitzaren markak, betirako edo ia betirako berarekin daramatzanak, eta urteak igaro arren, noizbehinka agertu eta indarra hartzen dutenak.

Eta barruko markak, askotan, detaile txiki batek berpizten ditu. Askotan nahikoa da usain bat aditzea, nahikoa soinu bat entzutea, ahots bat, inoiz ezagututako lekuren batera bueltatzea, norbaiten begirada errekonozi-tzea garra berpizteko, mina berriz senti-tzeko, lehen egunaren minaren intentsitatea berreskuratzeko. Detaile horiek guztiak izebergaren puntak dira, barruan bakoitzak daraman punta zorrotzeko izebergarenak. "Ze usain zuen ere gogoratzen dut". Baina izeberg batzuk beste batzuek baino punta zorrotz eta mingarriagoak dituzte, dudarik gabe.