Beste hori
Minbiziari buruzko datu asko irakurri ditugu azken astean, larunbatean Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan baitzen. Datu larriak batzuk. Minbiziak gora egin omen du, eta zergati posibleei buruz hitz egin dute hainbat adituk. Elikadura aipatzen da, tabakismoa, kutsadura, baina horiez gain, bizitzeko modua ere aipatzen da, eta korrika bizitzeko dugun modu honek dakartzan estresa eta antsietatea, besteak beste. Ondorioz, ohitura osasuntsuen aldeko kanpaina egiten ari dira administrazio eta osasun zerbi-tzuak. Eta hau irakurrita, galdera piztu zait. Zeintzuk dira ohitura osasuntsuak? Edo hobeto esanda, kirola egitea eta janari osasuntsuak hartzeaz gain, zer gehiago kontsideratu daiteke ohitura osasuntsu?
Eta ez dut zalantzarik ohitura hauen artean gure gorputzarekin bakarrik ez, gure beste alde horrekin (deitu espiritual, arimadun, emozional, afektibo edo nahi duzun bezala) zerikusia izan behar duela. Hau da, gorputzari jaten (osasuntsu jaten) emateaz gain, gure beste horri ere eman beharko diogu bada alpiste pixka bat, ezta? Eman beharko diogu noizbait musika dosi bat; eman beharko diogu isiltasun dosi bat baita ere; eman beharko diogu ingurura atentzioz begiratzeko aukera, denbora; eman beharko diogu pelikula, liburu edo antzerki obra batek eskaintzen duen leiho eder hori; eman beharko diogu zenbait eraikin edo artelanen edertasunaz ohartzeko aukera; eman beharko diogu bere hiriko zuhaitzak urtaroekin nola aldatzen doazen kontziente izateko parada; eman beharko diogu besarkada lantzean behin Elikatu beharko dugu beste alde hori baita ere, ezta? Gure behar fisikoekin batera badauzkagulako beste behar batzuk. Eta behar hauen artean, edertasuna dastatzeko eskubidea eta beharra ere badaukagu.
Ez dakit honek eraginik izango duen minbizia izateko aukeretan, baina ez daukat zalantzarik hobeto bizitzeko aukera ematen digula. Osasuntsu bizitzeko, alegia.