Síguenos en redes sociales:

Inbertsioak

Euskal zinemagintzari buruzko ikerketa aurkeztu dute orain dela egun batzuk. Dirudienez, sektoreak laguntzetan jasotzen duena baino diru gehiago itzultzen du zergen bidez. Poztekoa da. Hala ere, ziur naiz dena etekin ekonomikoetan neurtzen duen gizarte honetan, batzuek esango dutela, horrela bai, horrela egin dezatela zinema edo nahi dutena artista hauek, baina ez dezatela dirua eskatu defizitarioa izan daitezkeen proiektuetarako.

Dena merkatzia bihurtzen duen mundu batean bizi gara, gero eta garrantzitsuagoa da "etekin praktikoak" lortzea, bestelako aberastasuna lortzea baino. Etekinen dikadurapean bizi gara, etekin hori praktikoa eta berehalakoa izan behar da gainera, baina badaude beste balore batzuk, epe luzerako beste inbertsio batzuk. Eta kultura epe luzerako inbertsio horietako bat da. Gizarteak kultura behar duelako: ideia arrazionalenak ere estetika eta edertasunaren eskutik eraginkorragoak direlako, askeago pentsatzeko aukera ematen digulako, manipulaziotik babesten erakusten gaituelako, mundua ulertzen laguntzen digulako (gurea eta besteena), memoria berreskuratzeko aukera ematen digulako, gure bizitzari zentzua ematen diolako, indiferentziaren kontrako antidotoa delako, gure inguruari adi bizitzen irakasten digulako, nor garen gogoratzen digulako...

Zentro komertzialetan galduta dabilen jendetza hori, aisialdia erosteko eta erosteko bakarrik erabiltzen ikasi duten gazte horiek, artelan batekin emozionatzea zer den jakiteko aukerarik ere izan ez duten horiek, munduaren balioa etekin ekonomikoetan bakarrik ulertzen dutenek... Kulturak asko egin dezake gizarte honen alde. Hipnositik irteteko aukera ematen digu, eta beldurraren diskurtsoen eta demagogiaren harrapakin erraza bihurtzetik urruntzen gaitu, besteak beste.

Kulturaren balioa ezin da soilik etekin ekonomikoetan neurtu. Kultura gizartearen behar bat da. Hiritarrek kulturaren aberastasuna jasotzeko eskubidea dute. Asko pozten naiz euskal zinemagintzaren emaitzak positiboak izan direlako, baina emaitza horiek bestelakoak balira ere, inork ez luke zalantzan jarri behar kulturari behar duen laguntza ematea.