Síguenos en redes sociales:

Gizajoa

Maitek bota berriekin bidali du semea ikastolara. Euri langarra ikusi duenean, gaur botak estreinatzeko eguna zela iruditu zaio. Autobusera igo baino lehen, baina, umeak esan dio bota berriek min egiten diotela orpo aldean. Maitek lasai egoteko esan dio semeari, normala izaten dela zapata berriek lehen egunean min egitea, eta korrika gehiegirik ez egiteko gomendatu dio, zauririk egin ez dezan. Orduan semeak gogoratu dio gaur heziketa fisikoa duela, eta derrigorrez egin beharko duela korrika. Autobusean sartu baino lehen esan dion azken gauza horixe izan da eta Maite guztiz kezkatuta joan da lanera. Bertan, goizean zehar noizbehinka gogoratu du bere semea, eta imajinatu du korrika, orpo zaurituekin, minez, sufritzen. Gaizki sentitu da. Gizajoa, pentsatu du. Nire Gizajoa.

Lanerako bidean euri zaparradak harrapatu du, aterkirik gabe, eta benetan zorte txarra duela pentsatu du. Hobe luke eguraldi atseginago duen herrialderen batera ihes egingo balu. Zerbaitengatik deitzen diote Siberia bere herriari. Berokia berogailuaren alboan sikatzen utzi eta eguraldiaz aritu da lankideekin. Hau eguraldi petrala. Ba datorren astean okerrera egingo du, esan dio lankide batek, elurra dator. Kexuka aritu dira, halako eguraldiarekin ezin dela bizi, eta abar. Ordenagailua piztu eta lehenik eta behin egunkari digitalak ireki ditu. Haietako batean bideo bat ikusi du: Euren herrialdeetatik ihesi Europarako bidea egin duten errefuxiatuak agertzen dira bertan, elurretan, muga baten alboan eraikitako kanpamendu batean, errenkadan, janari plater bat hartzeko zain. Hamasei gradu zero azpitik. Haiek bai hotza, pentsatu du. Ume ba-tzuk agertzen dira baita ere, banatzen dizkieten jakiak jaten, gosez, amorruz. Gizajoak, pentsatu du. Mundua benetan krudela dela pentsatu du, baina bideoa bukatu eta bere lanean hasi denean, benetako kezka bakarra geratzen zaio buruan. Bere semearen oinak. Bere semearen orpo zaurituak. Gizajoa, pentsatu du. Nere gizajoa.