Síguenos en redes sociales:

Begirada

begiratzea ez da gauzak bereganatzea. Begiratzea gauzen barnean sartzen garela sentitzea da. Begiratzea ez da zerbait jasotzea, jasotzen dugun horren parte sentitzea baizik. John Berger gauza askotan izan da maisu, baina guztien oinarrian ahalmen bat zegoen: begiratzeko ahalmena.

Aste honetan hil da idazle, margolari, arte kritiko eta beste hainbat gauza izan den gizona, hain zuzen urtearen hasieran, eta berak utzitako ondarea gogoratzea baliogarri izan daiteke urtea begirada berri batekin hasteko.

Izan ere, ia gehienetan ezagutuko bagenu bezala begiratzen diogu munduari, munduak ezer berri eskainiko ez digula jakingo bagenu bezala; askotan aurreiritziekin begiratzen diegu pertsonei eta gauzei, haien egia ikusteko aukerari uko eginez; askotan ehiztarien modura begiratzen diegu gauzei, harrapatu nahiko bagenitu bezala, merkatalgune bateko artikuluak bailiran; baina ez dugu askatasunez begiratzen, ez dugu ikusten, ez dugu atentzioz entzuten. Ez dago gure begirada eta ikusten dugun horren arteko harreman askerik.

Bergerrek esaten zuen margotu eta idatzi duen guztia begiradatik eta entzutetik jaio dela, eta honekin argi uzten du idatzi edo margotu edo sortu nahi duen edonork behar beharrezkoa duen ezaugarri bat: bere inguruari adi egoteko gaitasuna izatea, begiratzea eta entzutea. Ikusten ari denaren kontzien-tzia izatea, kontuan izatea nola ikusten ari den eta nondik. Mundua nondik azaltzen zaigun ere garrantzitsua zen Bergerrentzat, izan ere, oso kritikoa izan baita egungo gizartearekin eta haren itsukeriarekin. “Munduan gertatzen ari dena pentsatzen dudanean, ohartzen naiz orain inoiz baino beharrezkoagoa dela erresistentzia”, esan zuen noizbait. Eta gauzei modu sakonean begiratzea, ez hauek bereganatzeko baizik eta hauek uler-tzeko helburuarekin, bada erresistentzia egiteko modu bat. l