Eskurik gabe
Eskuak jakako poltsikoetan sartuta dituela, bizikletan doa mutila. Lepoa luzatuta, bizkarra zuzen, bizikletan baino ematen du kabriolet baten atzeko aldean tente doala. Azkar doa. Azkarregi. Gurpilak lurreko zuloren batean sartuz gero, bat batean norbait agertuz gero, ume bat, garaje batetik ateratzen den auto bat mutilak ez du erreakzionatzeko astirik izango. Gaztea zarenean zaila da arriskuak ikustea. Gaztetan normala da zulo, auto eta beldurren gainetik hegan egitea.
Ez dut uste inoiz bizikletan eskurik gabe joandakoa naizenik, baina ezaguna egiten zait neska-mutil gaztetxoek erakusten duten bertigo falta hori, ausardiaz mozorrotutako oharkabetasun hori, amildegira salto egiteko inertzia hori. Guk ere gaztetan sarerik gabe egiten genuen salto, baina arriskuaz ohartu gabe. Adin kontua da. Zahartzen goazen heinean gero eta beldur gehiago dugu eta edonon ikusten ditugu arriskuak. Seguru aski denok daramagu barruan gazte bat eta zahar bat, eta agian onena bien jarrerak konbinatzea litzateke: geure burua babesteko gai izan, baina aldi berean beldurrak berarekin dakarren paralisia gaindituz.
Guk bi jarrera horiek nahi eran konbinatzeko aukera dugu. Bizikletan eskurik gabe ibili, edo badaezpada eskailerak jaisteko barandari heltzea aukeratu ahal dugu. Baina munduan pertsona askok ez du halako aukerarik. Alepo daukat buruan. Nola kendu Alepo burutik ikusitako azken irudien ondoren. Hango ume eta gazteak ditut gogoan. Nagusien begirada duten gazteak, umeak. Nagusien beldurra, mina, sentitzen dute, munduak amildegira bizikletan eta eskurik gabe salto egiteko agintzen dien bitartean. Eta neska-mutil hauen kasuan, ez daude arriskuan euren gaztetasunagatik, mundu honen axolagabetasunagatik baizik. Gabonetako azken opariak erosi bitartean besteen bizitza mesprezatzen duen mundu zoro eta ergel honen erruz baizik. Eskurik gabe eta balaztarik gabe maldan behera doan mundua.