Síguenos en redes sociales:

Egunak

Aste zoro, arraroa izan da. Astelehena ostirala zen, asteartea igandea, asteazkena ostirala berriz, osteguna igandea berriz, eta azkenik heldu da "benetako" ostirala. Halako aste batean zaila da oreka mantentzea, pistaz kanpo eskiatzen bezala sentitzen zara eta honek askatasuna ematen dizu baina aldi berean errutinak eskaintzen dizun segurtasun falta sentitzea ere nahiko normala da. Niri zer pentsa eman didate ostiral usaineko astelehenak, igande usaineko astearteak... Konturatu naiz egunak berdin-berdinak direla, izan jai egun edo lan egun: nire etxe aurreko zuhai-tzak berdin ari dira hostoak galtzen, eguzkia berdin ari da egun bakoitzean lehenago ezkuta-tzen, izan astelehen edo igande, berdin berdin. Beraz, gu gara egunari zentzua ematen diogunak. Geure begiradarekin bakarrik egunari kolorea aldatzen diogunak. Egunari izen bat jarri, astelehen, ostiral, igande, eta eguna modu ezberdinean ikusten dugu, egun bakoitzak zer egin agintzen digulako. Eta pentsatu dut bizitza bera ere halakoa izan daitekela ahaleginduz gero. Guk ematen diogun zentzuaren arabera, guk ematen diogun izenaren arabera, ezberdin ikusi dezakegula bizitza.

Eta hau halako ahalduntze injekzio modukoa izan da niretzat. Izan ere, korrontearen kontra joatea zaila baldin bada ere, pentsatu dut egun bakoitzari nik nahi diodan moldea emateko ahalmena badudala. Atzo igandea zela pentsatu nuen, eta igande balitz bezala bizi nuen eguna. Hala, gauza bera egin ahal dut, zergatik ez, egun bakoitzarekin.

Astelehena, aspaldi ikusi gabeko lagunei deitzeko eguna bihurtu dezaket; asteartea, amari bisitatxo bat egiteko eguna; asteazkena, boluntariotza ekintzaren bat egiteko eguna; osteguna, paseo bakarti bat emateko eguna; ostirala, zinera joatekoa; larunbata, ardo berri bat ezagu-tzeko eguna; igandea, igande bakoitzean egin nahi dudana egiteko eguna... Egun bakoitza, nik benetan nahi dudan eguna bihurtu dezaket. Zergatik ez.