Síguenos en redes sociales:

Anestesia

Piano bat eskatu nien errege magoei. Olen-tzero beranduago hasi zen etortzen nire etxera. Orduan errege magoek ekartzen zizkiguten opariak, eta nik piano bat eskatu nuen. Oso txikia nintzen, baina nire asmoak handiak. Ez nuen edozelango piano bat nahi. Egongelako mahaia baino handiagoa zen piano batekin egiten nuen amets gauero. Zenbatetan imajinatu nuen errege eguneko goiz hori. Ohetik jaiki, egongelako atea ireki eta han ikusiko nuen, egongelaren erdi-erdian piano handi bat.

Baina errege gaua heldu zen, eta baita errege eguneko goiza, eta egongelako atea ireki nuenean, paperez bildutako zenbait opari ikusi nituen alfonbraren gainean, baina han ez zegoen pianorik. Ez zegoen nik amestutako pianorik behintzat. Eta pianoa?

Nire izena idatzita zuen opari bat irekitzeko esan zidan amak. Eta pianoa? Nik behin eta berriz errepikatzen nuen galdera. Amak esandako oparia ireki eta kolore ezberdinetako teklak zituen piano txiki bat zela ikusi nuenean, negarrez hasi nintzen. Ez zegoen ni kontsolatzeko modurik. Amaitutzat sentitu nuen han nire musikari karrera.

Baina ez zen amaitu. Izan ere, lehen desilusioa gaindituta, asko erabili bainuen pianoa. Oraindik gogoratzen dut aitak nola erakutsi zidan Iñaxio, gure patroi handixa... jotzen eta aldi berean abesten. Gaur egun, gure arteko ume gehienek (Espainiar Estatuan egindako ikerketa baten arabera %80ak) bost oparitik gora jasoko dituzte Gabonetan. Honek haien garapen emozionalean ondorio ezkorrak eragin ditzazkeela diote zenbait adituk, besteak beste: gain estimulazioa, ilusioaren galera, frustrazioarekiko tolerantzia eskasa eta anestesia emozionala. Gehienez lau opari egitea gomendatzen dute: bat, umeak asko desio duen zerbait; bi, erabili dezakeen zerbait (janztekoa adibidez); hiru, liburu, ipuin edo komiki bat; eta lau, behar duen beste zerbait.

Nik, zinez, benetako piano handia behar nuela sentitzen nuen orduan, baina haren ordez jasotakoari esker hainbat abesti jotzen ikasi nuen eta ez nuen hurrengo batean piano handi bat eskuratzeko esperantza galdu. Ez zen heldu, baina esan dezaket garai hartan gurasoek ez zizkidatela ilusioak anestesiatu. Piano handi bat erosteko dirurik ez bazuten ere.